Stop Sanfilippo Fundazioari lagunduko dio III. Goierri Rallyesprintak, larunbatean
Hirugarren urtean ere izaera solidarioa izango du Goierri Rallyesprintak. Larunbatean jokatuko da euskal denboraldiko bigarren proba, Lazkaon hasi, Zaldibiatik igaro eta Gaintzan barrena (16 km). Sanfilippo gaitza duten pertsonen fundazioarentzat izango da geratzen den diru-mozkina, iaz bezala. Ikullu Racing Lazkaoko autozale taldeak, eta Gipuzkoako zein Euskadiko federazioek antolatu dute proba.
Rallyesprinta larunbatean jokatuko da. Lazkaon kokatuko dute parke itxia. Egiaztapenak 09:00etan hasiko dira, administratiboak CAFeko aparkalekuan eta teknikoak Euskadi enparantzan. Lasterketa 14:00etan hasiko da, eta hiru pasaera egingo ditu partaide bakoitzak.Errepidea 13:00etan itxiko dute, eta antolakuntzak mugatutako aparkalekuetan utzi beharko dute ikusleen autoa.
Lazkaoko hilerri paretik abiatuko da erlojupeko zatia. Lazkaomendi igo, eta Ixurrene jatetxetik aurrera, Zaldibiara jaitsiko dira, Mirandako aldapa pikotik. Zaldibiako kalean Larraitzerako bidea hartu, errepide zabalean Gaintzako bidegurutzeraino igo, eta han Gaintzako herrira hartuko dute. Behera bukatuko da lasterketa-zatia, ia Zaldibia-Gaintzako bidegurutzean.
Euskadiko Txapelketako ibilbide luzeena da, 16 kilometrorekin. Antolakuntzak 46 segurtasun gune kokatuko ditu, 100 boluntario ariko dira bidea zaintzen, eta istripuetarako jarduera azkarreko bi ibilgailu edukiko dituzte, bat irteeran eta bestea erdibidean. Komisarioen esanei kasu egiteko eta segurtasun arauak errespetatzeko eskatu diete ikusleei, baita zaborrak nork bereak eramateko ere, zirkuitu ingurua zikin utzi gabe.
60 talde daude izena emanda abiadura modalitatean, eta 15 gehiago erregularitate sportean. Iazko garaile Enrique Barrenetxea-Arando gidari bizkaitarra —Gabirian ere irabazle izan zen, martxoaren 5ean— Goierri Rallyesprintean izango da. Baita 2015eko rally txapeldun Aingeru Castro, Iñigo Olabegogeskoetxea edo Iban Tarsicio ere.
Sarrera 10 euro kobratuko dute. Diru irabaziak Stop Sanfilippo fundazioarentzat izango dira. Gaurko aurkezpenean, Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren haur tolosarraren gurasoek (Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarren) esker oneko hitzak izan dituzte keinu horrengatik, diru hori ikerkuntzarako ondo etorriko dela gehituz.