«Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke»
Ormaiztegin hitzaldia egingo du gaur Irati Otamendi arkitektoak (Beasain, 1986): Industrializazioa: atzo garapen, gaur ondare, bihar…?. Zumalakarregi museoan izango da, 19:00etan. Oria ibai arroko industria ondarea ikertzen ari da Otamendi, eta uste du industria ondareari ez zaiola behar adinako garrantzirik ematen.
Nondik datorkizu arkitekturarekiko zaletasuna?
Etxekoek badute arkitekturarekiko interesa. Txikitatik, mundu hori estimatzen erakutsi didate bateko eta besteko harriak ezagutzeko txangoetan, batik bat aitak emandako azalpenen bidez. Hala ere, esango nuke benetako zaletasuna unibertsitate garaian iritsi zitzaidala. Ez pentsa karrera hasi baino lehen arkitektura zer zen banekienik.
Orain, doktoretza tesia egiten ari zara. Zeri buruz ikertzen ari zara, zehazki?
Oria ibai arroko arkitektura ondare industriala ari naiz ikertzen, lurralde mailako analisitik abiatu eta industria multzo batzuen azterketan sakonduta. Industria ondare horren baloraziorako, babeserako eta zaintzarako irizpide orokor egokiagoak bilatzea da nire ikerketaren helburua.
Zergatik aukeratu zenuen industria ondarearen gaia?
Beasaindarra izanik, arkitektura industriala ikusiz hazi naiz. Gainera, etxean kontu asko entzun ditut fabrika haundie zela edo Bernedoko sirenak jotzean bizikletaz eta motorrez azaltzen ziren langile pila zirela… Azken finean, industriak herrian eta herritarrengan zuen eraginari buruz. Bestalde, eraikin industrial horiek nahiko txikitatik atentzioa ematen zidaten —zergatik ez banekien ere—, eta, gero, arkitektura ikasketetan hasita, begirada teknikoagoarekin agian, arkitektura industrialaren soiltasunak izugarri erakarri ninduen.
Oria ibai arroan zentratu zara. Zergatik?
Gipuzkoan, ibai ibilgu nagusien inguruan garatu zen industria, uraren indarra baliatzeko besteak beste, eta Oriaren ibai arroa izan zen industrializatuenetako bat. Gainera, probintzian indar handiena izan zuten industria sektoreek —papergintza, ehungintza, metalurgia…— gure arroan presentzia nabarmena izan zuten. Adibidez, papergintzaren hiriburu izan zen Tolosa, eta ibaian gora eta behera ere zabaldu zen. Metalari dagokionez ere, Fabrica de Hierros San Martin izan zen nagusietako bat [CAFen aurrekaria]. Beraz, esan daiteke Oriaren ibai arroko kasua probintziakoaren eredu dela, eta, ondorioz, gertuko ikerketak errealitate orokorra ulertzen lagun dezake.
Gaur hitzaldia emango duzu Ormaiztegin. Zeri buruz hitz egingo duzu?
Gipuzkoako industrializazio prozesuaz hitz egingo dut, eta, ahal dudan neurrian, Goierriko adibideak jarriko ditut. Ormaiztegira gero eta gehiago gerturatu, hobe. Industriak eragindako aldaketez ariko naiz: paisaian, ohituretan… Eta, noski, industria horrek utzitako ondare arkitektonikoaren garrantzia ulertarazten saiatuko naiz. Garai bateko industrialariek oso argi zuten fabrika zela negozioaren propaganda, eta oso lantegi modernoak eraikitzen zituzten. Arkitektura moderno horren adibide dira Beasaingo Olaran fabrika edo Legorretako paper fabrikako bulegoen eraikina. Eta Oria ibai arroan beste asko daude.
Lantegi zaharrak berrerabiltzeko aukera defendatzen duzu.
Lantegi asko hutsik daude, eta herrietan lurrik gabe gaude. Zergatik ez lantegi horiek berrerabili? Hutsik geratu diren lantegiak berrerabili beharko genituzke. Esaterako, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea lantegi bat zen, eta begira orain zein erabilera ematen zaion. Beste herrialde batzuetan oso ohikoa da industria ondarea kultur ekintzetarako berrerabiltzea. Beste industria bat jartzeko ere erabil daitezke, eta, eraikinaren arabera, etxebizitzak egiteko ere bai. Ingalaterran edo Alemanian, esaterako, hori oso barneratua dute. Etxebizitzak, eskolak eta abar ikus ditzakezu industriarako erabilitako eraikinetan.
Gipuzkoan lantegi asko daude erabilpenik gabe eta berrerabiltzeko moduan?
Itxita lantegi asko daude. Batez ere, azken urteetan, krisiaren eraginez. Hala ere, oraindik eta gehiago dira dagoeneko desagertuta daudenak. Gure inguruan, industria gehiena ibai ertzean kokatzen zen, uraren indarra aprobetxatzeko. Industriak lur onenak hartu zituen, lauenak. Orain, hiria hazten den momentuan enpresa indarrean ez badago, hiriak enpresa jaten du. Etxeak eraikitzeko ere leku onenak horiexek direlako. Tolosako paper fabrikak, esaterako, ia denak desagertu egin dira.
Martxan dauden industria ondareak ere badaude.
Noski. Esaterako, Beasaingo CAFeko lantegi batzuk babestuta daude, nahiz eta oraindik martxan egon.
Zergatik esango zenuke garrantzitsua dela industria ondarea babestea?
Industria ondareak nondik gatozen eta nor garen, garai bakoitzean nola eraiki den eta industria prozesuek zein aldaketa izan dituzten erakusten digu. Beste era batera esanda, industria ondarearen parte diren arkitektura elementuek balio arkitektoniko-tekniko, historiko-teknologiko eta soziologiko esanguratsua dute. Hala ere, oraindik gizarteak eta administrazioak zailtasunak dituzte hori guztia ulertzeko. Horregatik uste dut beharrezkoa dela balioa ematea, eta balioa emateko lehen pausoa daukaguna aztertzea eta ondo ezagutzea da. Ezagutzen ez dena ez da sekula baloratzen. Eta noski, ez dugu ezer egiten ezagutza hori lau burutan gelditzen bada; behar-beharrezkoa da ikasitakoa gizarteari helaraztea.
Oso zabalduta dago industriak eta lantegiek herriei itxura itsusia ematen dieten ustea.
Bai, eta ulertzekoa ere bada, neurri batean. Oso irudi gordinak dauzkagu gure buruetan: greba garaiak eta amaierarik gabeko lanaldiak, paper fabrikek botatako isurketengatik aparrez estalitako ibaia, kea, usain txarra… Industriaren alde ilun hori ahaztea ez da erraza.
Baina, bestalde, posible izango al litzateke egun daukagun guztia edukitzea industriarik izan ez balitz? Argi dago ikuspegia aldatu beharra daukagula, guztiz, eta, gutxienez, etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko eraikin berrerabilgarri gisa ikusi beharko genituzkeela eraikinok. Datozen beharretara moldatzeko baldintzarekin eraikitakoak izaten dira lantegi industrialak. Ondorioz, erabilera berriak hartzeko ere potentzial handiko eraikinak dira.