Aizpea gaztandegiko Mikel Etxezarreta, Legazpiko Artzain Egunean.
Aste santuko egunetan albiste onak iritsi dira Idiazabal jatorri izendapeneko hiru gaztandegirentzat. Izan ere, Kataluniako Vic hirian egiten den Lactium artisau gazta lehiaketako hiru sari nagusiak irabazi dituzte. Urrezko saria Tolosako Martin Txiki gaztandegiko Pedro Zuazarregik irabazi du; zilarrezkoa
Olaberriko Aizpea gaztandegiak, eta brontzezkoa Aguraingo June gaztandegiko Julen Karasatorrek.
Lactium lehiaketak, Espainiar Estatuko eremuan egiten diren artisau gazta onenak saritzen ditu, eta besteak beste, Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako, Andaluziako eta Gaztela Leongo gaztagileek parte hartu dute. Idiazabal jatorri izendapenetik “poz handia” adierazi dute, “dastatzaile aditu batzorde garrantzitsuenek, estatuan eta maila honetako lehiaketetan, gure gazta aukeratzen” jarraitzen dutelako. Sari horiek, gainontzeko guztiak bezala, “gure artzainek egiten duten ahalegin, ilusio eta ondo egindako lan gogorraren kanpoko errekonozimendua” direla azaldu dute.