Minbizia saihesteko, elikadura
Martxoaren 31 koloneko minbiziaren aurkako eguna da. Hori dela eta, Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkarteak minbizia mota horren aurkako kanpaina bat abian jarri du. ...
Martxoaren 31 koloneko minbiziaren aurkako eguna da. Hori dela eta, Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkarteak minbizia mota horren aurkako kanpaina bat abian jarri du. Besteak beste, topaketa gastronomiko batzuk antolatu ditu. Beraietan, zer jan eta nola kozinatu azaldu dute. Hamar topaketa egon dira, eta horietako bi Goierrin izan dira: hilaren 10ean Zumarragako La Amistad elkartean eta hilaren 15ean Ormaiztegiko Barduliarrak elkartean.
Koloneko minbizia EAEko biztanleen artean ohikoena da: bigarrena da bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean, eta lehenengoa bi sexuak kontuan hartzen badira. Gizonezkoen artean minbizi ohikoena prostatakoa da eta emakumezkoen artean bularrekoa. Minbizi guztien %14,6 kolonekoak dira.
Baina populazioaren %29ak ez du detekzio proba egiten. Hori dela eta, kanpainaren helburuetako bat jendea detekzio proba egitera animatzea da. «Proba honek minbizia garaiz detektatzen laguntzen du eta ez du inongo buruhausterik sortzen: azkar egiten da, ez da itxaron behar, ez du minik egiten eta bizia salba diezaguke», azaldu du elkarteak.
Kanpainaren beste helburu bat minbizia saihesteko har daitezkeen neurrien berri ematea da. Elikadura funtsezkoa da. Hori dela eta, Gipuzkoako hamar elkarte gastronomikotan topaketak antolatu dituzte. «Koloneko minbiziaren eragileak azaldu ditugu eta jendeari bere osasunaren ardura hartzeko eskatu diogu. Osasuntsu jatea oso garrantzitsua da eta ez da batere aspergarria».
Eta zer da osasuntsu jatea? «Garaiko produktuak jan behar dira. Bestalde, zuntza duten produktuak oso onak dira minbizia saihesteko. Porruak eta ilarrak, adibidez, kolonarentzat oso onak dira», azaldu du Maider Sierra minbiziaren aurkako elkarteko prebentzio saileko arduradunak.
Kozinatzeko moduari dagokionez, elikagaiak gutxi egosi behar dira. «Jakiak ez dira gehiegi egosi behar eta egosi ondoren, egosketa moztu egin behar da. Izan ere, ur berotik atera ondoren, egosketak jarraitu egiten du. Egosketa mozteko, elikagaia izotzarekin hoztutako uretan sartu behar da. Hori da jakien bitaminak mantentzeko modu bakarra».
Duela hilabete batzuk haragi gorria eta hainbat hestekin osasunarentzat kaltegarriak zirela zabaldu zen, baina minbiziaren aurkako elkartekoak ez dira haragi gorriaren aurkakoak. «Haragi gorriak ez du minbizia sortzen. Garrantzitsuena kozinatzeko modua da. Haragia ez da erre behar. Erretako zati horiek oso kutsagarriak dira. Eta haragi gorriarekin batera, barazkiak jan behar dira».