Artzain Egunaren ospatzearekin bat, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera emango zaio gaur Ordizian. Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak ebakiko du aurten gazta berria.
Artzain Egunak emango dio gaur hasiera Ordiziako aparteko azoken egitarauari. Artzaintzari eta gaztari gorazarre egiteko plaza izan ohi da, eta besteak beste, Idiazabal Gaztaren denboraldiari hasiera emateko baliatzen du eguna jatorri izendapenak. Ordiziako Udalak ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako elkartearekin, Lurgintzarekin, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenarekin eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin lankidetzan antolatzen du azoka.
Plaza Nagusiko asteazkeneroko azokaren osagarri, Goierriko eta Gipuzkoako dozenaka artisauen produktuak erosteko aukera izango da Ordiziako kasko historikoan eta haren inguruko kaleetan. Gainontzean, Artzain Eguneko gune nagusia Garagartza plazan kokatu ohi da, han egiten baita latxa arrazako 50 bat artzainen ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa.
Mutur gorriak eta beltzak
Topagune horretan 200 abelburu inguru ikusteko aukera izango da. Horixe da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena, hala kalitatez nola kopuruz. Latxa arrazako bi motatako abereak elkartuko dira: mutur-gorriak (Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia eta Donostialdekoak) eta mutur-beltzak (Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak).
Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Animalia horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi-latxaren hautapen eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzeko garaian. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak…) morfologiaren gainetik. Toki berean gazta eta mami egite erakustaldiak egingo dira eguerdia iritsi aurretik, eta jarraian ile-mozte erakustaldia ere egingo da.
Artzaina ardiak biltzen, ilea ebakitzeko. Argazkia: Iñaki Hidalgo
Ardiak eta gazta ebakitzea
Azokako une gorena 11:00ak aldera izaten da, garai bateko transhumantzia gogoratuz Aralarko eta Aizkorri-Urbiako artaldeek –2.000 buru inguru– Ordiziako kasko historikoa zeharkatzen dutenean. Udaletxeko areto nagusia izaten da ondoren arreta gunea, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera ematen baitzaio bertan.
Aurten, Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak izango du gazta berria ebakitzeko ohorea. «Tokiko sukaldari bat naizela uste dut, Goierrikoa, Tolosakoa. Horixe da nire eremu naturala, eta Beasaingo, Ordiziako eta Tolosako azoketan egin ohi ditut erosketak. Sukaldariok artzainen eta bezeroen arteko bitartekariak garela esango nuke, eta produktu hauei dagokien balioa eman behar zaie». Ruizen esanetan, Idiazabal Gazta «tokiko produktu bat» da, baina era berean, «unibertsala» ere bai. «Produktu tradizional bat da gazta hau, kalkula ezinezko balioa duena».
Aurtengo omendua, berriz, Aranzadi Zientzia elkartea izango da, Idiazabal Gaztaren izena Euskal Herrian eta kanpoan zabaltzen egindako lanarengatik. Eta Joseba Insausti Ordiziako artzainari ere aitortza egingo diote, iaz jasotako Premio Alimentos de España al Mejor Queso 2015 sariarengatik. Horiei guztiei aipamena egin eta jendeari Ordiziara gerturatzeko deia egiteaz gain, honako mezua zabaldu nahi du Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak. «Balioan jarri beharrekoa azoka bera da, gertuko eta bertako produktuak. Hori da funtsezkoa, bertako eta tokiko produktuak erostea».
Produkzioa %8,2 hazi da
Idiazabalgo Jatorri Izendapenak erregulartasun-kalitate sariak banatuko ditu ekitaldi berean. Abadiñoko (Bizkaia) Itxaso Barrenetxea gaztagilea eta Sunbilla (Nafarroa) Lizun gaztandegia izango dira aurtengo sarituak. «Azken urtean %8,2 hazi da gaztaren produkzioa, eta 2016an igoera izango dela espero dugu. Joera onerako izaten ari da», nabarmendu du Miriam Molina izendapeneko kudeatzaileak.
EGITARAUA (gaur)
· 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Eusko Labela duen esne bildotsa burruntzian erreko da, Garagartza plazan.
· 11:00. Artaldeak (2.000 ardi buru) igaroko dira Ordiziako kasko historikoan barrena.
· 11:15. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxeko batzar aretoan. Roberto Ruiz sukaldariak ebakiko du gazta berria. Aldez aurretik, gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak banatuko ditu Idiazabal Jatorri Izendapenak.
· 11:30. Gazta egitea eta burruntzian erretako esne bildotsa dastatzeko aukera Garagartza plazan.
· 12:15. Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.