INMA 'Haurtzaroa eta Ingurumena' proiektua 2006ean abiatu zuten. Helburua kutsadurak eta elikadurak osasunean nahiz fetuaren eta haurraren garapenean duen eragina jakitea da

Ingurumen kutsadurak eta elikadurak osasunean nahiz fetuaren eta haurraren garapenean duen eragina aztertu dute INMA
Haurtzaroa eta ingurumena proiektuan. 2006an hasi zuten ikerketa Gipuzkoan, eta orain ezagutzera eman dituzte jasotako ondorioak Beasainen eta Ordizian.
Partikula eta osagai metalikoek eragindako kutsadura maila Europako hiri handietakoen antzekoak direla ondorioztatu dute. Odoleko berun mailak eta osagai organiko iraunkorren mailak (COP) baxuak direla ere ikusi dute. Bestalde, izan dira maila txikian baina era adierazgarrian eragina duten partikulak. Esaterako, PM2,5 partikula da horietako bat. Partikula horren eragina txikia da umetoki barneko garapenean, baina adierazgarria da. Ikerketaren emaitzak beste parametro batzuk ere aztertu ditu, hala nola merkurioaren presentzia. Kasu horretan, haurrek duten merkurio maila «altua» dela adierazten du ikerketak. Hain zuzen, EPA Europako pediatria asoziazioak gomendatzen duen maila gainditzen du haurren %65ak. Maila horrek haurren garapen psikomotorrean eragin adierazgarria duela ondorioztatu dute.
Hala ere, haurdunaldian desberdintasunak daudela ere azaldu dute. Norbere zaintzak eta ohitura osasungarriak jarraitzeak eragina du, hala nola, elikadurak, ariketa fisikoak eta tabako eta alkohol kontsumoak.
Ikerketaren prozedura
Goierrin Zumarragako ospitalean egin dute ikerketa gune nagusia. Izan ere, Goierri beheko eta garaiko biztanleak eta Urola erdikoak hartzen ditu ospitaleak, eta ingurumen ezaugarriak ere kontuan izan zituzten aukera egiterako garaian.
Haurdun dauden emakumeei egin zaie jarraipena, lehenengo ekografiarekin batera hasiz proiektua. Lagin biologikoak hartu zitzaizkien eta inkestak ere egin zizkieten emakume haurdunei. Orain arteko emaitzak ezagutzera eman dituzte, baina azterketa ez dago amaituta. Gipuzkoan gaur egun zortzi urteko haurren jarraipena egiten ari dira, horien gaitasun kognitiboak, ingurunearen balorazioa, arnasketa funtzioa eta pubertaroko garapena aztertuz, besteak beste. Epe luzerako proiektua da; esaterako, Granadan 2022. urtera arte ikerketarekin jarraitzeko asmoa dute.
Hainbat puntutako laginak
Gipuzkoan ez ezik, beste hainbat puntutan ere egin dute ikerketa, urte ezberdinetan. Lehenengo ikerketa saioa 1997. urtean egin zuten. Herri hauetako emakumeek parte hartu dute proiektuan: Flix (Tarragona, Katalunia), Menorca, Granada, Valentzia, Sabadell (Bartzelona, Katalunia) eta Asturiasen ere hartu dituzte laginak. Gipuzkoakoekin gehituta, guztira, 3.931 lagin hartu dituzte ikerketa egin ahal izateko.