Tolosako Fronton tabernako Roberto Ruiz sukaldariak ebaki du Idiazabal Gazta, eta hala eman diote hasiera aurtengo denboraldi berriari. Bertako produktuen erabilera defendatzen du Ruizek.Aurten zuri egokitu zaizu gazta ebaki, eta denboraldiari hasiera ...
Tolosako Fronton tabernako Roberto Ruiz sukaldariak ebaki du Idiazabal Gazta, eta hala eman diote hasiera aurtengo denboraldi berriari. Bertako produktuen erabilera defendatzen du Ruizek.
Aurten zuri egokitu zaizu gazta ebaki, eta denboraldiari hasiera ematea. Nola sentitzen zara?
Garrantzitsua (barreak). Egia esan, oso pozik sentitzen naiz. Gu bertakoak gara, Goierrikoak. Ordiziako azoka ondo ezagutzen dugu, guretako ingurune ezaguna da. Asteazkenero joaten gara Ordizia edo Tolosako azoketara produktuak erostera. Hemengo azokak eta produktuak gure egiten ditugu, guk prestatzen dugun janarien oinarria dira. Horregatik gaur hemen egotea oso garrantzitsua da: bertako produktuekin lan egiten dugunoi egiten zaigun aitortza da. Ordiziari eta udalari eskerrak eman nahi dizkiet, baina batez ere artzainei horren produktu ona egiteagatik.
Gazta erabiltzen al duzu plateretako osagai moduan?
Ez, saiatzen naiz ez erabiltzen. Arrazoia oso sinplea da: niri gazta jatea gustatzen zait, ez gazta kozinatzea. Ulertzen dut artzainak ia egin duela gazta, esnea gazta bihurtu duela, eta horregatik bera da kasu horretan lehenengo sukaldaria.
Iristen zaigun gazta bakoitzaren atzean lan handia dago, eta ez naiz gai sentitzen beste batzuek horren ondo egindako produktu bat hausteko.
Gazta bere horretan mantentzea gustatzen zaizu, beraz.
Jatetxean kartan beti daukagu Idiazabal Gazta, eta bi edo hiru gazta desberdin izaten ditugu. Bestalde, ekitaldi bereziren bat dagoenean ere gazta eramateko ohitura dugu. Horrela egoten da presente. Noizbehinka plateren batean prestatu izan dut gazta, baina saiatzen naiz gazta dagoen moduan mantentzen.
Zein berezitasun du aurtengo gaztak?
Gazta freskoa da, leuna. Jaten hasi eta gelditu gabe gazta osoa amaitzeko modukoa. Segituan esne zaporea nabaritzen zaio, eta esne freskoa oroitarazten du.
Gazta jatea disfrutatzeko momentua da. Urte guztia da garai ona gazta dastatzeko, produktua bera ere garatzen joaten baita. Orain gazta freskoa daukagu, eta niri asko gustatzen zait gazta mota hau. Ondoren etorriko dira gorputz gehiagoko gaztak. Baina gazta zaharragoak ere asko gustatzen zaizkit, urte bat baino gehiagoko gaztak. Gazta bakoitzak bere momentua du, eta norberak aukeratu dezake zein den gehien gustatzen zaion mota. Hori bai, Euskal Herriko jatetxe guztietan egon beharko litzateke Idiazabal Gazta jateko aukera.