Jose Antonio Aranzadik eta Joxe Aierbek 1978an egindako apustuan du jatorria probak. Azkenekoz 1985ean egin zuten. Desafioa bota dute: Pello Garinen marka haustea
Ezkioko jai batzordeak desafio polita bota du aurtengo jaietarako: Izazpira joan-etorria egitea, 31 minutu eta 26 segundu baino denbora gutxiagoan. Pello Garinek 1982an egindako denbora da, eta hobetzen duenari sari berezia emango diote. Maiatzaren 8an izango da lasterketa, 12:00etan. Izen-ematea irekita dago
herrikrosa.eus webgunean, Ezkioko Argindegi ostatuan edo Beasaingo Agirre Kirolak dendan.
Ezkiotik abiatuko dira, eta Izazpiko puntara egingo dute joan etorria. Guztira, 6.300 metro, 530 metroko desnibelarekin. Gehienez, 100 korrikalari onartuko dituzte. Lehenengo hiru gizonezkoentzat eta hiru emakumezkoentzat izango dira sariak: 150 euro, 100 euro eta 50 euro. Herriko gizon eta emakume bizkorrenak ere sarituko dituzte.
Lasterketa honek 1978an egindako apustu batean du jatorria. Ordukoan, Jose Antonio Aranzadi ezkiotarraren eta Joxe Aierbe ataundarraren artekoa izan zen apustua. Aierbe herri kiroletan ibiltzen zen, aizkoran eta korrika. Aranzadik, berriz, ordurako Mandubiatik Izazpirako apustu bat irabazia zuen.
Ezkioko jaietan egin zuten apustua, larunbatarekin. 16:30ean atera ziren, biak batera. Aierbek zortzi minutuko aldea eman zion Aranzadiri. Izan ere, Aranzadi zaharragoa zen —Aierbek 35 urte zituen, eta Aranzadik 51— eta, gainera, Aierbe herri kiroletan ibiltzen zen. Aierbek irabazi zuen: 36 minutu eta 47 segunduan egin zuen joan-etorria. Aranzadik, berriz, 45 minutu eta 52 segundu behar izan zituen, zortzi minutuko aldea gaindituz.
Apustu arrakastatsua
Afaria jokatu zuten bi kirolariek. Argindegi ostatuko Nikolasak, gainera, apustuaren arrakasta ikusita, afaria eman zien Aranzadiren eta Aierberen kuadrillei ere.
Apustu hura oinarri hartuta, hurrengo urteetan Ezkio-Izazpi-Ezkio lasterketa antolatu zuten, Ezkioko jaietan. 1985ean egin zen azkenekoa, eta aurten berreskuratzea pentsatu dute.
Aurtengo lasterketan, orain arteko marka hobetzeko erronka bota die antolakuntzak herritarrei zein parte hartu nahi duen edonori. Pello Garinek du marka: 31 minutu eta 26 segundu. 1982an egin zuen, eta ordutik ez du inork hobetu. «Gaur egungo korrikalariei ordukoen lanak hobetzeko erronka luzatu nahi diegu eta, bide batez, San Migel jaietan herri inguruaz gozatzeko aukera eman», esan du Jai Batzordeak.
Parte hartzeko, hemezortzi urte baino gehiago izan behar dira. Korrikalariek ordu eta laurden izango dute proba bukatzeko. Denbora hori gainditzen dutenak, kontroletik kanpo iritsiko dira.