Beasaingo gazte laguntzaileentzat bekak onartu ditu udalbatzak
Garatze bidean dauden edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurrak familietan hartzeko diru laguntzak ere zehaztu dira. Eskaerak egiteko azken eguna, maiatzaren 31 da
Beasaingo gazteak beharrik handiena duten herrialdeetan garapeneko lankidetza ekintzetarako sentiberatzea eta gazteen artean herrialdeen eta kulturen elkartasun baloreak sustatzea dira gazte laguntzaileentzako bekaren helburuak. Horretarako, gazteek herrialde horietan zuzenean parte hartzen dute garapenerako lankidetza ekintzetan Gipuzkoa, Bizkaia edo Arabako gobernuz kanpoko erakunde baten bidez. Gutxienez, hilabeteko denboraldia eginez, tokian tokiko egoera bertatik bertara ezagutzen dute. Martxoaren 22ko udalbatzak 12.226,67 euroko diru laguntza onartu zuen, aho batez, beketarako. Pertsonako, gehienez, 3.000 euroko diru laguntza onartuko da. Gazte laguntzaileen programan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dira: 18 urte beteak izatea, gutxienez ere urte bete lehenagotik Beasainen erroldatuta egotea, eta gobernuz kanpoko erakundeekin lan harremanik ez izatea. Beka eskuratzeko eskaerak maiatzaren 31rako aurkeztu behar dira, udaletxeko Ongizate sailean.
Haurrak familietan harreran hartzeko diru laguntzak Garatze bidean dauden edo ezbeharren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurrak Beasaingo familietan harreran hartzeko 10.698,33 euroko diru laguntza onartu zuen Beasaingo udaleko azkeneko udalbatzak. Beasaingo Udalak honako gastuak ordaindu ahal izango ditu: bidaiak, arropa, oinetakoak, farmazia gastuak, betaurrekoak, dentista gastuak… Familia bakoitzak gehienera 1.500 euroko laguntza jaso ahal izango du, harreran hartzen duen haur bakoitzeko. Interesa duten familiek maiatzaren 31rako aurkeztu behar dituzte eskaerak udaletxeko Ongizate sailean.