Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra eta Eneko Araiztegi segurarra ariko dira, tartean. Arregi, Gurrutxaga, Mendizabal eta Mujika dira besteak. Afal ondoren da 45. saioa

Gabirian bihar jokatuko da 45. Osinalde Bertso Sariketa. Argi-Berri (Ordizia), Osinberde (Zaldibia) eta Aztiria sarietatik sailkatutako bina bertsolarik abestuko dute elkarteko mahaian. Tartean, bi goierritarrek: Maialen Akizu urretxuar-gabiriarra (Aztiriatik igaro da) eta Eneko Araiztegi
Korta segurarra (Osinberdetik).
Beste lau bertsolarien artean, Jon Gurrutxaga azpeitiarra da lehen Osinaldeko finalean kantatutako bakarra, iaz. Maider Arregi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika debutariak dira besteak —Akizu eta Araiztegi ere lehen aldiz ariko dira—.
Aurrez aritu diren 18 bertsolarietan bost herrialdetakoak bazeuden ere, Osinaldera sartu diren guztiak gipuzkoarrak dira.
Afaria, eta gero saioa
Ohiko egitura izango du bertso sariketak. 20:30ean afaria hasiko da, Osinalde elkartean bertan. 125 bat lagun bilduko dira. Ondoren, 22:30a aldera, bertsotan hasiko dira, mahaian bertan eta boozgorailurik gabe.
Maialen Akizuk betidanik ezagutu du Osinalde, ama gabiriarra baitu. Afaria zerbitzatzen lan egin izan du aurreko urteetan. Bihar, mahaiaren atzetik jardungo da: «Oraindik barneratzeko nago. Zerbitzari lana ikusten dut oraindik. Baina han egotea bakarrik egundoko saria da».
«Gertutik» kantatu nahi du. «Besteetan igual bertsolariago aritu nahi izaten dugu. Osinalden beste bat gehiago zara».
Eneko Araiztegik aurten parte hartu du lehen aldiz, eta finalera iritsi da. «Sorpresa izan da. Zaldibiako saioarekin gustura geratu nintzen, baina ez nuen espero. Eta pozik, noski». Hiruzpalau urtetan entzule izan da Gabirian. «Gurea ondo eginez gero gustura geratuko naiz. Helburu bereizirik ez dut jarri», dio segurarrak.
BERTSOLARIAK:
- Maider Arregi (Oñati, 1996)
- Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996)
- Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992)
- Eneko Araiztegi (Segura, 1996)
- Maialen Akizu (Urretxu, 1996)
- Haritz Mujika (Asteasu, 1995)