Euskal Herriko Itzulian zeresana emateko prest abiatuko da Ion Izagirre
Astelehenean abiatuko da Euskal Herriko 56. Itzulia. Etxebarrian (Bizkaia) hasi eta Eibarren bukatuko da, sei etapa izango dituen ibilbidea. Irteeran izango dira, besteak beste, azken hiru edizioetako irabazleak: Joaquim Rodriguez, Nairo Quintana eta Alberto Contador.
Quintanaren taldekide diren Gorka eta Ion Izagirre anaiak ere bertan izango dira, eta Ormaiztegiko anaietan gazteenak, protagonismo handia izan dezake aurten ere. Izan ere, kolonbiarrarekin batera “taldeburu moduan” ariko da Ion. Iaz hirugarren egin zuen Itzuliko sailkapen orokorrean, eta aurten ere, etapa garaipenen bat ez ezik, sailkapeneko borrokaren bila joateko asmoa ere badu.
Itzuliaren aurkezpenean, aurtengo itzulia “oso gogorra” izango dela azaldu du Ion Izagirrek. “Inguruko portu guztiak sartu dituzte, eta lehen egunetik adi egon beharrekoa da”. Ibilbideak ez ezik, “eguraldiak ere garrantzia” izan dezakeela uste du; “egunez egun ikusi beharko da”. Ormaiztegikoaren ustez, “bigarren etapan bertan” hasiko dira diferentziak ikusten, “ea zein den itzulia disputatzeko gai eta zein ez”. Berak behintzat, gogotsu ekingo dio bere lasterketa kuttunetako bat denari.