![Ion Izagirre](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/04/Ion-Izagirre.jpg)
Ion Izagirre (Movistar) txirrindulari ormaiztegiarrak irabazi du Miguel Indurain Sari Nagusia, Puy-ko Basilikako mendateko helmugan Sebastian Henao (Sky) kolonbiarrari nagusitu eta gero. Lizarran hasi eta bukatzen den egun bakarreko proba da, 191 kilometrokoa. Ormaiztegikoak 4 ordu 37 minutu eta 18 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Hirugarren Moreno Moser (Cannondale) italiarra sailkatu da, Izagirrerengandik 14 segundora.
Izagirrek nabarmendu du “talde lanaren emaitza” izan dela gaurko garaipena.”Bikaina izan da garaipena, sinestezina. Zaila da irabaztea, eta hemen, etxean, are zailagoa. Hasierako ihesaldian ez dugu inor sartu, eta horrek lasterketa zaildu digu, baina talde oso ondo aritu da, ondo antolatuta”. Ormaiztegiko txirrindulariak adierazi du “etxeko lanak ondo eginda” iritsiko direla astelehenean Markinan abiatuko den
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulira. “Baldintza oso onetan iritsiko gara. Paris Nizan txukun ibili ginen, Nairo [Quintana] Kataluniako Volta irabazi berria da, nire ere indartsu nago, talde sendoa daukagu, eta espero dut Itzulian dena behar bezala ateratzea”.