Liburuak Plazara ekimena abian da
Urretxu eta Zumarragako udalek egitarau oparoa antolatu dute Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Egunaren eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan. Artista liburuak sortzeko tailerrak, dantza ikuskizuna eta liburu azoka egongo dira.
Urretxu eta Zumarragako udalek egitarau oparoa antolatu dute Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Egunaren eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan. Artista liburuak sortzeko tailerrak, dantza ikuskizuna eta liburu azoka egongo dira.
Lehen ekitaldia gaur bertan izan da, Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna. Ana Cabezasek artista liburuen sorkuntzarako tailerra eman die 7 eta 10 urte arteko 12 neska-mutikori. Artista liburuak artelanekin eta era artistikoan egindako liburuak dira.
Apirilaren 7an, 11n eta 14an, berriz, helduentzako tailerra emango du Arteliburu21 elkarteak. Eskolak 18:00etatik 20:30era izango dira, Urretxuko kultur etxeko Arte Ederren tailerrean. Parte hartu nahi dutenek kultur etxean bertan eman behar dute izena. 10 euroko kuota ordaindu behar dute.
Horretaz gain, dantza ikuskizun bat antolatu dute. Shakti Olaizolak …irakurriz ikuskizuna eskainiko du. Ekitaldi hau apirilaren 22an izango da, 17:30ean, Zelai Arizti parkean. Eguraldi txarra egiten badu, Zelai Arizti kultur etxean egingo du.
Bukatzeko, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, liburu azoka egingo dute. Mahai batzuk prestatuko dituzte eta edonork bere liburuak saltzeko, trukatzeko edo oparitzeko aukera izango du. Horretarako, ezinbestekoa izango da apirilaren 15eko 12:00ak baino lehen kultur etxeetan izena ematea. Bakoitzak bere postuaren ardura izango du. Zumarragako Aresti eta Legazpi liburu-dendek ere postuak jarriko dituzte. Gainera, artista liburuen sorkuntzarako tailerretan egindako lanak ikusgai jarriko dira eta literatur tailer bat egongo da.