Txosna gunearen aldeko festa Lazkaon
Lazkaoko Txosna Batzordeak jaialdi bat antolatu du gaurko. Helburuetako bat dirua ateratzea da, aurten ez baitute udalaren laguntzarik jasoko. Eguerdian prentsaurrekoa eman dute eta ondoren Urretxu eta Zumarragako gaztetxeko elektrotxarangarekin poteoa egin dute. Bazkariaren ondoren, 19:00etan, Barracuda eta Katekexix taldeek joko dute.
Prentsaurrekoan Txosna Batzordeak, “herriko jaiak indartu asmoz”, aspalditik “egitarau oparo bat” antolatzen duela gogoratu dute. “Garai batean jartzen genituen txosna haietatik, karpa handi bat jartzeko saltoa ere eman genuen eta arrakasta ez da edonolakoa izan. Antolaturiko ekintzak askotarikoak izan dira: mozorro eguneko bazkaria, tortila lehiaketa, umeentzako ginkan eta jolasak, herriko merkataritza bultzatzeko egitasmoak, kontzertuak…”.
Gainera, karpa herriko talde guztiei zabalik egon dela oroitu dute. “Txosna guneak ateak zabalik izan ditu, herriko taldeek beraien ekintzak egin ahal izateko, txosna batzordeak bere diruarekin ordaintzen duen karpa erabiltzeko”.
Udal gobernu berriak trabak jarri dizkietela salatu dute. “Bilera bat eskatu genuen udal gobernu berriarekin, gure urteetako eta aurrera begirako lanen berri eman eta beraien asmoak jakiteko. Lehen bileratik garbi utzi digute txosna gunearen aurkako jarrera eta hasiera batean karpa bera jartzeko baimena ukatu digute. Azkenean atzera egin dute eta aurtengo jaietan ere txosna gunea karpan izango da”.
Baina aurten ez dute diru-laguntzarik jasoko. “Festetan antolatzen diren gainontzeko ekintzek ez bezala, aurtengo jaietan txosna guneko egitarauak ez du udalaren inongo babes ekonomikorik izango eta bertan antolatuko diren ekintzak autofinantziatuak izan beharko dira. Udal gobernuko kideek, gaia udal ordezkari bezala landu beharrean, ordezkatzen duten alderdiko pertsona bezala landu dute eta beraien aurreiritzi eta garai bateko esaldiekin argudiatu dute erabakia. Denok dakigu ze koloretako jendea ibiltzen den hemen, esan digute”.
Ez daudela horrelakoak entzuteko prest gehitu dute. “Ez dakigu beraiek zein kolore izango duten eta oraingoz ez gara inori koloreak ateratzen hasiko, baina garbi utziko dugu guk ez dugula kolore bat. Kolore asko ditugu eta gure helburua Lazkao kolore anitzeko herri bizi bat izatea da. Ez dute gure lanean eta gure herriaren aldeko konpromisoan atzera egitea lortuko eta guztion laguntzarekin jaiak denon artean eta denontzat egindakoak izatea lortuko dugu”.
Bukatzeko, koloretako globoak aireratu dituzte.