Galderaren aurpegiak
Ume garaitik hasten gara galderak egiten. Zenbat guraso ikusi ote ditugun estu eta larri euren seme-alaben galderei zer erantzun ez dakitela! Izan ere, umeak mundua eta bizitza ezagutzen hasten direnean, fase jakin batean bereziki, itaun asko egiten dituzte, baita gauzen zergatien inguruan ere. Jakin-mina asetu nahi izaten dute, ingurukoa ulertzen saiatu eta euren burua kokatu. Gurasoek pazientzia galdu ohi dute batzuetan,galdeketa amaigabea bihurtzen delako sarritan, baina ona da haurrek euren ingurunea behatzea eta hausnarketa egitea.
Tamalez, neurri handi batean, helduaroan gaitasun hori galdu egiten dugula esango genuke. Edo ez dugula praktikan jartzen, behintzat; aitor dezagun gizarteak berak ere ez duela askorik laguntzen horretan. Kazetariak izaten dira galderak egiteko joerari eusten diotenetako batzuk. Haiek ere gogoeta egiteko eta galdetzeko joera nahiko herdoilduta izaten dute, ordea, eta estuasun garaiak izaten dituzte, batez ere hasieran, norbait elkarrizketatu behar dutenean: zer galdetuko diot honi? Jardunarekin ikasten da hori ere, noski. Aritzea da sekretua, arituz trebatzen da hiztun urriari hitzak ateratzen eta hitz-jarioari bidea marrazten. Eta izango da kazetariari, kexati, galdera zaila egin diola aipatuko dion elkarrizketaturik edo galderak errazegiak, memeloegiak edo kamutsegiak direla leporatuko duen irakurle edo ikus-entzulerik. Hor baitago koxka: galdera egokiak egiten jakitean. Gai bakoitzak aurpegi asko izaten ditu eta horien inguruan hausnartzeak ekartzen du probetxuzko galdera, eta honek erantzun mamitsua lor dezake.
Goierrin ere galdera zehatza egingo da ekainean eta zer itaundu erabakitzen aritu dira Galdera Batzordeko kideak. Galderaren 27 aurpegi ditugu; 27 kolore, 27 hausnarketa, 27 ideia, 27 amets, 27 zalantza…Horiek guztiak batuta, goierritarroi zer galdetu adosteko. Laster izango dugu, gainera, galderaren berri, apirilaren 9an aurkeztuko baita Legazpiko Latxartegi aretoan, 11:00etan.
Izango da galdera aldatuko lukeenik, bat datorrenik, haserretu edo poztuko denik…Denetik izango da eta hala behar du. Ukaezina da jakin-mina piztuko duela eta baita zeresana ere. Eta egingo dugu galdera, eta erantzun ere egingo dugu. Baina ez ahaztu garrantzitsuena prozesu honek ekarriko diguna dela: galderaren, gaiaren, aurpegiak behatzea eta horien inguruan hausnartzea, bakarka zein kolektiboki; ingurukoa behatu, aztertu, galdetu, ulertzen saiatu, gogoeta egin eta geure burua kokatzea, umetan egiten genuen bezala.