Artzai Gazta elkarteak Donostiara ekarriko du World Cheese Awards lehiaketa
Mundu mailako gaztarik onenak saritzen dituen World Cheese Awards lehiaketa entzutetsua Donostian egingo dute aurten, Artzai Gazta elkartearen ahaleginari esker. Gipuzkoako hiriburuan ospatuko den Nazioarteko Gazta Jaialdiaren barruan egingo dute, azaroaren 16tik 18ra bitartean.
Idiazabalen egoitza duen elkarteak, 100 gaztagiletik gora biltzen ditu, eta 25 urtez egindako lanaren ordaina da lehiaketa Euskal Herrian egitea. Mundu osoko 35 herrialdetako 2700 gazta eta 250 epaile bilduko ditu lehiaketak, gaztaren arloko mundu mailako bilgune bihurtuz.
Azken urteetan oso emaitza onak lortu dituzte Artzai Gazta elkarteko gaztandegiek World Cheese Awards lehiaketan, tartean, urrezko hainbat domina lortuta.
Nazioarteko gazta jaialdia
Aipatu lehiaketa, azaroaren 16tik 18ra Donostiako Kursaal jauregian egingo den International Cheese Festival jaialdiaren barruan kokatuko dute. Topagune hori, zuzeneko harreman komertzioalak bultzatzeko eta ekoizle, artisau, erosle eta kontseilu erregulatzaileen arteko networking sarea indartzeko erabiliko dute. Lehiaketaz gain, bisita gidatuak, tailerrak eta dastaketa saioak egingo dituzte.
Ekoizleek beraiek antolatutako topaketa izateak, garrantzia berezia ematen dio Artzai Gazta elkartearen ustetan. “Ekoizleek lehen eskutik beraien kezkak, berrikuntzak eta lorpenak elkartrukatzeko aukera izango dute ostalariekin, nazioarteko prentsarekin, bost kontineenteetako esportatzaileekin eta publiko orokorrarekin”.