Udalak aho batez onartu du 1,15 milioi euroko aurrekontua. Itsasoren eta Ezkioren zerbitzu komunei eman diete lehentasuna, eta gerakinaren zati handi bat hartu dute

Herri Eskolako bigarren solairua egokituko dute
Ezkio-Itsasoko Udalak 1,15 milioi euroko aurrekontua du 2016rako. Aurten urte berezia izango denez —astelehenean eraman zuen Garikoitz Aiesta alkateak banaketa espedientea aldundira, eta ebazpenaren zain daude—, Ezkioren eta Itsasoren zerbitzu komunei eman diete lehentasuna. Hala, hiru izango dira inbertsio nagusiak: eskolako bigarren solairua egokitzea (271.500 euro), anbulatorio berria martxan jartzea (184.000 euro) eta Santa Lutziko parkea berritzea (70.400 euro).
Guztira, 771.069 euroko ibertsioa egingo du Ezkio-Itsasoko Udalak aurten. Kopuru horretatik, 274.743 euro aurreko urteetako gerakinetik hartuko dituzte. «Itsasoarrek eta ezkioarrek adostu dugu hozkada handi bat ematea gerakinari, bi herrientzako izango diren zerbitzuak prest uzteko desanexioa baino lehen», azaldu du Garikoitz Aiesta alkateak.
Aurreko legegintzaldietan gorde egin izan da gerakina, ezustekoren bat gertatuz gero udalak dirua izan zezan. «Hori izan da orain arteko politika, eta diru dezente zegoen gordeta; aurten zati bat gastatzeko erabakia hartu da, ahalegin berezi bat eginez, egoera berezia delako». Helburua garbia da: bi herriak banatzen direnerako, zerbitzu komunak «duinak» izatea. Aiestaren hitzetan, ezinezkoa izango litzateke inbertsio horiek egitea gerakina ukitu gabe.
Ezkio eta Itsaso banatuko balira, eskola, parkea eta anbulategia Ezkioren jabetzakoak izango lirateke. Hala ere, ezkioarrek adinako eskubidea izango dute itsasoarrek ere zerbitzu horiek erabiltzeko.
Beste inbertsio batzuk
2016ko udal inbertsioen artean, badira beste batzuk ere nabarmentzeko modukoak. Esaterako Txoritegiko eta Araneko autobus geltokiak berrituko dituzte aurten. Alegiko bidegorrian, berriz, zubia egingo dute, baita asfaltoa bota ere. Ezkiotik Zelaara arteko bidea egokitzeko lanak ere egingo dituzte, eta Kamiño Etxeberriko lubizia konponduko dute.