Nagore Zabaleta eta Urko Zaldua zumarragarrek familia handi bat dute: Araitz 4 urteko alabak, maiatzean jaioko den Nahiak eta beraien aginduetara dauden Urola eskubaloi taldeko 17 gaztek osatzen dute. Aurki
Nagore Zabaleta eta Urko Zaldua zumarragarrek familia handi bat dute: Araitz 4 urteko alabak, maiatzean jaioko den Nahiak eta beraien aginduetara dauden Urola eskubaloi taldeko 17 gaztek osatzen dute. Aurki familia desegin egingo da, ordea: Nagorek eskubaloia utziko du bigarren haurra jaiotzen denean. 17 gazteak emantzipatu egingo dira, beraz. Harremanari amaiera bikaina eman diote: Aste Santuan Lloret de Mar-eko txapelketa irabazi zuten.
Zabaleta bere lagunen eskutik hasi zen eskubaloian jokatzen. «Ez nintzen oso ona», dio umiltasunez. Gazte mailan eskubaloia utzi zuen, baina handik urte batzuetara Ispilla kiroldegira itzuli zen Urolaren partidak ikustera. Duela sei urte, Alex Hurtado entrenatzaileak berarekin lan egitea eskaini zion. Hala ezagutu zituen Lloret de Mar-eko txapelketa irabazi duten mutilak. «Ezagutu nituenean haur mailan zeuden eta senior mailan utzi behar ditut. Duela sei urte ni baino txikiagoak ziren eta egun ni naiz txikiena».
Bere bikotea eta alaba ere taldeko kideak dira. Bikoteak klubean laguntzen du eta alabak makina bat entrenamendu eta partida ikusi ditu. «Lehen haurdunaldia ere Ispilla kiroldegian pasa nuen. Alabak entrenamendu eta partida asko ikusi ditu. Txikiagoa zenean, txoko batean uzten genuen, baloi batekin eta konoz inguratuta. Joseba Azpiazu zenak denbora asko ematen zuen berarekin. Oso ondo konpontzen ziren. Josebak hutsune handia utzi zuen. Egun Araitzek lau urte ditu dagoeneko eta saltsan ibiltzen da. Bere bizitzan eskubaloia besterik ez du ikusi eta gustuko duela uste dut. Atezaina izango dela dirudi, beti ate azpian jartzen baita».
Familiako txikia taldeko kuttuna da. «Taldearen guda oihua gure alabaren izena da. Hutsarteetan eta partida amaieran jokalariek bere izena oihukatzen dute: Bat, bi, hiru… Araitz!», dio Zalduak. Argi dago familia bat osatzen dutela. «Astero hiru entrenamendu eta partida bat ditugu. Sei urte hauetan denbora asko eman dugu elkarrekin. Gainera, ia jokalari guztiak hasieratik daude».
Aurki Zabaletak eskubaloia utzi egingo du eta familia desegin egingo da, beraz. «Pena handia ematen dit, baina bi haurrekin oso zaila da entrenatzen jarraitzea eta utzi egingo dut. Ez dakit itzuliko naizen», aipatu du.
Dena den, bere mutilak gertutik jarraituko ditu. «Mutilek eskubaloian jokatzen jarraitzea espero dut. Nahiz eta pistan ez egotea gogorra izango den, beraien partidak ikustera etorriko naiz».
Lloret-eko txapelketa
Lloret de Mar-eko txapelketa irabazita, amaiera bikaina eman diote harremanari. «Kataluniako bi talderen, danimarkar batzuen, norvegiar batzuen eta Urolaren beste taldearen aurka jokatu genuen. Ligaxkan daniarren aurka berdindu egin genuen. Zertan kale egin genuen aztertu ondoren, finalean 15 goleko aldearekin irabazi genien».
Bere mutilak langileak direla eta taldea osatzen dutela dio. Entrenatzaileek merituren bat izango dute… «Guztiek jokatu dute beti, denak taldeko kide senti daitezen. Horri esker irabazi dugu txapelketa».