Gure Esku Dagok etzi aurkeztuko du ekaineko kontsultarako galdera
Legazpiko Latxartegi aretoan egingo dute aurkezpena, 11:00etan. Bideo baten bitartez jakinaraziko dute galdera zein den, eta ekitaldiaren amaieran mokadua banatuko dute
Goierriko Gure Esku Dago dinamikak prest du dagoeneko ekaineko kontsultan egingo duten galdera. Etzi aurkeztuko diete herritarrei, Legazpiko Latxartegi aretoan, 11:00etan. Bertan izango dira Galdera Batzordea osatu duten kideak. Ekitaldi laburra izango da, ordu erdi ingurukoa. Bideo baten bidez jakinaraziko dute zein izango den galdera, eta ekitaldiaren amaieran mokadu bat jateko aukera izango da. Latxartegi aretoa betetzea espero dute. Goierritar guztiei gonbidapena luzatu diete ekitaldira joateko.
Zumarragan aurkeztu zuten Galdera Batzordea otsailaren 13an, Elkarrekin dinamikarekin batera. Goierri osoko ordezkariek osatzen dute batzordea. Ondoren, otsailaren 27an, eztabaida irekia egin zuten Idiazabalen. Bertan, 180 lagun inguru bildu ziren, eta beren ekarpenak egin zituzten.
Galdera Batzordeak Idiazabalgo eztabaida irekian egindako ekarpenak hartu ditu oinarritzat ekaineko kontsultarako galdera erabakitzeko orduan. Izan ere, horixe da Elkarrekin dinamikaren helburua: zer eta nola erabaki, herritar guztien artean adostea.
Orain arteko fasea adostasunarena izan da. Behin galdera aurkeztutakoan, ordea, fase berri batean murgilduko da Gure Esku Dago: erabakiarenean. Etzikoa bi faseen arteko trantsizio eguna izango dela adierazi dute, eta prozesuaren beraren garrantzia nabarmenduko dute, besteak beste.
Bideoklipa aurkeztu dute
Aste honetan, gainera, ekaineko galdeketaren bideoklipa aurkeztu du Gure Esku Dagok. Gurea da erabakia du izena abestiak, eta Goierriko hainbat musikarik eta artistak osatu dute bideoklipa. Hitzak Joxe Arizkorreta legazpiarrarenak dira, eta doinua Xabi Arakama zegamarrarena. Grabaketan ondorengo goierritarrek parte hartu dute: Xaiko taldeko musikariak, Aitzol Barandiaran, Maria Amolategi, Aitor Furundarena, Saroi Jauregi, Zesura rap taldea… Eta Ainhoa Moiuak zeinu hizkuntzan egin du kantaren itzulpena.
Beasainen festa dute etzi
Bestalde, etzi arratsaldean Beasainen aurkeztuko dute galdera. Beasaingo Gure Esku Dagok Argitu Erabakia festa egingo du. Lehenik, 20:00etan, kalejira egingo dute San Martin plazatik Igartza jauregira. Zanpantzarrak izango dituzte lagun bidean zehar. Igartzan, berriz, dantzariak eta bertsolariak izango dira, eta ekaineko galdera aurkeztuko dute. Azkenik, kriseiluak aireratuko dituzte. Mirentxu liburu dendan edo Gure Esku Dagoren elkargunean eros daitezke kriseiluak. Bihar, plaza azpian jarriko dituzte salgai, 19:00etan.
Ataunen, bestalde, Gure Esku Dagok talo jana antolatu du biharko. San Gregorioko pilotalekuan izango da, 19:30ean.
- Goierriko GEDk sortutako ‘Gurea da erabakia’ abestiaren bideoklipa













