Hemengo ziza gutxi batzuk eta, aukeran, eguraldi hezeegia izan dira apiril hasierako markak Ordiziako hileko lehen ferian.

Ardi gazta berriaren denboraldiari joan den astean hasiera ofizialki eman ondoren, apirila gaztaren hila izango da ferian. 12 hilabete 12 produktu egitasmoaren barne, horretarako propio jarritako postuan artzainak eskuz latxa ardiaren esne gordinarekin egindako gaztak salduko dituzte. Lehen aste honetan Leitzako Gorritz gazta aurkeztu du (17,5 euroan kiloa) astero azokara etorri ohi den Juan Ramon Lizarraga harakinak, Leitzakoa bera ere. Gaztak noiz eginda dauden data bertan markatua du; ardiak, berriz, Leitzako Gorriztaran auzoko larretan (700-800 metroko altueran) ibili ohi dira uda eta negu. Joxe Jabier Sestorain artzainaren artaldearen egunean eguneko lana Sestorain Zabaleta familiak kudeatzen du. «Bakarrarentzat lan gehiegi dago hemen; horrelakoak beti izan dira familia proiektuak, bestela ekonomikoki, bakoitzak gure lan orduak kontatuz gero, ez dira kontuak ateratzen» aipatzen zigun Gotzone Sestorainek Joxe Jabierren arrebak. «Gainera, hain ardi maitea izanda, gutxiago; 5 izarretako hotelean bezala zaintzen ditu anaiak ardiak», dio umorez.
Ilarrak horitzen ari dira
Barazkien atalean, oraintxe beharko lukete ilarrek lore betean dotore, baina eguraldia ez dute lagun. «Berotegi barnekoak hor nonbait, baina kanpokoak ezin irabaziz dabiltza eta horitzen hasiak ere bai, gehiegizko hezetasun eta eguzki faltaren eraginez» zioten saltzaileek. Zortzi bat kilo zenbatu ditugu, eta kiloa 12 euroan saldu da. Aire batean saldu ere. Sekulako estimazioa dute.
Zizatan, eskasia nabarmen

Eguraldiaren eraginez edo, ziza eskasia ere ahoz aho dabil. «Ohiko lekuetan arrastorik ere ez da ikusten», biltzaile finen esanetan. Nonbait, Asun Etxeberria zaldibiarrak suertea izan du, 100 gramo pasatxo baitzituen eta tentazioan laster erori zen bezeroak hala zioen gustura: «6 euroko gutizia neronentzat. Bada kapritxo garestiagorik». Kanpotik ekarritako 50 kilok ere estimazioa izan dute (38-46 euro kiloa). Onddoekin batera eskaintzen ziren Lasaren postuan (32 euro).
Azkenik, arrakasta polita izan du Ordizian dendari elkartekoekin batera Goimenek eta udalak babestu eta D’elikatuz zentroak koordinatu duen erosketa txartelen kanpainak. Denda horietan erosteak ferian gastatzeko 5 euroko txartelak eskuratzeko bidea ematen zuen. Txartel asko pasa dira eskuz esku bezerotik saltzailera.