Urtarrilaz geroztik, portutik zuzenean arraina ekartzen du saltzaile batek Zaldibiara, Gabiriara eta Itsasondora. Aramara ere hasi nahi du Marurik. Arrakasta du, arraindegirik ez dagoelako.

Zaldibiarrak arraina erosteko ilaran, herenegun, Maruriren furgonetan.
Lanbide zaharra da oso arraina kostaldetik barnealdeko herrietara eramaten dutenena. Kontserbatuta gehienetan, mandazainen eta merkatarien sare zabala eratu izan da, antzinatik. Oraindik bizirik dirau ofizioak. Ondarroako Jose Antonio Maruri saltzailea Goierriko herri batzuetara etortzen da, astean bi aldiz. Arrandegirik ez dagoen herrietan, furgoneta batekin hornitzen ditu bizilagunak. Gustura daude denak.
Astearte arratsaldea, Zaldibiako plazan. Frontoian furgoneta bat, atzeko atea zabalik. Eta bederatzi emakume zain, ilaran. Arraina erosteko zain dira. Orain dela hiru urte itxi zuten herriko arraindegi bakarra. Eskuerara eta eroso etorri zaie Maruriren arraina. Ordutegia ere bezeriaren arabera moldatu du, gainera.
Urtarrilean hasi zen Zaldibiara eta Gabiriara arraina eramaten. Ondarroako portuan goizean erosi, eta fresko-fresko dakar. Gaur egun, astearteetan Zaldibian, gero Itsasondon eta handik Ikaztegietara joaten da. Aramara joaten hasteko asmoa ere badu.
Bezeroak egiten

Loli Perez saltzailea hasiko da Goierrira etortzen.
Ostegunetan, berriz, Gabiria, Irura eta Amezketa egiten ditu. «Lehen lau ordu egoten ginen, orain bi. Gustura gaude jendearen erantzunarekin. Bezeroak egitea izan da orain arteko lana», dio Jose Antonio Marurik.
Ondarroan goizean sartutako sasoiko arraina (baxurakoa), edo arrastrekoa saltzen du. «Hango generoari ere irtenbidea eman egin behar eta».
Antxoa airean daramate zaldibiarrek —erosle den-denak emakumezkoak dira—. Agortu arte. Legatza ere ederki saldu du, ordubetean. Lau kilokoak ere bai, erdibana bi bezeroren artean. «Antxoa zain egoten dira denak orain, sasoi hasieran». Berdela, txitxarroa, perlita, sardina, hegaluzea garaian, oilarra… Arraindegi ibiltari eta konpletoa du.
Orain bospasei urte Lea-Artibaiko baserrietan hasitako negozio eredua Goierrira zabaldu du.