40 urretxuar eta zumarragar, siriar lekualdatuei laguntzeko prest
Urretxu eta Zumarragan siriar lekualdatuei laguntzeko sortu duten taldeak lehen bilera egin du. 40 bat bizilagunek parte hartu dute. Urretxuko Udalak lokal bat utziko die eta maiatzean hasiko dira materiala
Urretxu eta Zumarragan siriar lekualdatuei laguntzeko sortu duten taldeak lehen bilera egin du. 40 bat bizilagunek parte hartu dute. Urretxuko Udalak lokal bat utziko die eta maiatzean hasiko dira materiala jasotzen. Material bilketak hiru aste iraungo du.
Lehen bilera asteartean egin zuten Zelai Arizti kultur etxean eta lekualdatuei laguntzea erabaki zuten, behar handiena beraiek baitute.
Urretxuko Udalak lokal bat utzi behar die eta bertan materiala jaso, sailkatu eta paketatuko dute. Material bilketa maiatzean egingo da eta hiru aste iraungo du.
Oraindik ez dute erabaki zein material eraman behar den. Lekualdatuek beraiek eskatzen duten materiala jasoko dute. Sailkatu eta paketatu ondoren, Valentziara bidaliko dute. Handik Turkiara eramango dute. Siriako elkarteak bertara joaten dira materiala hartzera eta ondoren Siriara eramaten dute lekualdatuen artean banatzeko. Taldeak Siriako elkarte fidagarrien zerrenda bat du eta materiala hara heltzen denean konfirmazioa jasoko dute.
Ateak zabalik
Bi boluntario mota egongo dira: ekintza zehatzetan arituko direnak eta talde lan egonkorrekoak. Bigarrenek zeregin zehatzak izango dituzte eta astean behin elkartuko dira. Lagundu nahi dutenek, udaletxeetara jo behar dute izena ematera.
Bestalde, siriarrek kooperanteak eskatu dituzte eta bi udalek herriko kooperanteei laguntzak emango dizkiete.