Goierriko hainbat ekintzaile bilduko dira Zumalakarregin, eta haien esperientziak partekatuko dituzte. Aldi berean, plazan postuak jarriko dituzte herriko artisauek

Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi Museoak antolatuta, ekintzaileen topaketa eta herriko artisauen azoka egingo dituzte bihar herrian. Ekintzaileen topaketa 11:00etan hasiko da, museoan bertan.
Made in Ormaiztegi: garapen industrialaren eredu bat erakusketaren harira antolatu dute —maiatzaren 15era arte ikusgai dago Zumalakarregin—.
Topaketan, eskualdeko sektore ezberdinetako enpresetako ekintzaileak bilduko dira, eta erakusketan ageri diren ekintzaileen inguruan hausnartuko dute. Bakoitzak bere esperientzia ere partekatuko du: nolako zailtasunak izan zituzten enpresa martxan jartzeko, zein laguntza jaso zuten, nola funtzionatzen duten gaur egun…
Euskaraz egingo dute topaketa, eta irekia izango da. Sarrera doakoa da. Gainera, kafea eta pastak banatuko dituzte.
Artisauen azoka, 11:00etan
Bestalde, 11:00etatik 14:00etara herriko artisauen azoka egingo dute herriko plazan. Hamar bat postu izango dira: margolanak, argazkiak, eskulanak, gozoak… Herriko artisauek elkar ezagutzea eta herritarren aurrean ezagutzera ematea da helburua.