Eskulanak, erlaxatzeko modu bat
Ormaiztegin herriko artisauen azoka egingo dute bihar, lehenengo aldiz. Herriko artisauek elkar ezagutzea, eta gainontzeko herritarrek ere haien berri izatea da helburua. Bertan, ...
Ormaiztegin herriko artisauen azoka egingo dute bihar, lehenengo aldiz. Herriko artisauek elkar ezagutzea, eta gainontzeko herritarrek ere haien berri izatea da helburua. Bertan, hamar bat lagunek parte hartuko dute. Horietako bat da Nerea Magallanes (Ormaiztegi, 1982). Lehen aldiz parte hartuko du azoka batean.
Denetariko eskulanak egiten ditu Magallanasek. Esaterako, bitxiak egiten ditu material ezberdinak erabilita: fimoa, papera, kafe kapsulak… Komikiak erabilita, berriz, karterak egiten ditu. Dena den, arrakasta handiena fofutxa izeneko panpinek dute. Enkarguz egiten ditu, eta eskaeraren arabera pertsonalizatu.
Jende askok eskatzen dizkio panpinak, oparitzeko. «Esaterako, ezkontza bateko argazkia ekartzen didate, eta horko bikotearen antzeko panpinak egiteko eskatu», azaldu du. «Amaren enpresan, berriz, norbait jubilatzen denean oparitzen diote horrelako panpina bat, laneko uniformearekin jantzita». Eskatu dioten gauzarik bitxiena, berriz, hauxe: bikote bat txalupa baten barruan, onddoak biltzen.
Bost urterekin hasi zen
Txiki-txikitatik datorkio zaletasuna Magallanesi. «Bost urterekin amak josteko makina oparitu zidan, eta hala hasi nintzen», oroitzen du. Josten hasi, eta ordutik hainbat eta hainbat teknika ikasi ditu bere kabuz. Inoiz ez da ikastaro batera joan. Bideoak ikusiz eta probak eginez ikasi du.
Erlaxatzeko egiten ditu eskulanak, denbora librea duenean. «Egunerokoaz ahazteko modu bat da niretzat». Ez ditu dirua ateratzeko helburuarekin egiten, eta asko oparitu ere egiten ditu. Azken asteetan, berriz, buru belarri aritu da lanean, biharko azokarako materiala izateko.
Lagun baten bidez saldu izan ditu bere eskulanak Magallanesek, azokaren batzuetan. Bera, ordea, ez da inoiz izan azokan saltzen. Ormaiztegiko azokan parte hartzeko deia jaso zuenean, poztu egin zen. «Herriko artistak bildu nahi zituztela esan zidaten; arraroa egiten zait nire buruari artista deitzea».
Aukera ona dela uste du. Batetik, herriko gainontzeko artisauak ezagutzeko. «Herria txikia izan arren, ez dakigu bakoitzak bere etxean zer egiten duen, eta sorpresak hartzen dira askotan», esan du Magallanesek. «Agian herriko norbaitek nik ezagutzen ez dudan teknika bat erabiltzen du, eta azokak ematen digu aukera horren berri izateko eta gure artean harreman bat sortzeko».
Bestetik, herritarrek artisauen lanari balioa emateko ere balio duela uste du. «Pena da gure aitona-amonek zituzten ezagutza asko galtzen ari garela; adibidez, puntua egiten». Magallanesek txikitan ikasi zuen puntua egiten, eta orain alabari erakusten dio. «Norberak egindako bufanda bat jartzeak ilusioa egiten du».
Biharko azokan, Magallanesen eta beste herritar batzuen lanak ikusteko aukera polita izango da.