Arcelor Mittalen etorkizuna kolokan
Arcelor Mittal enpresak Zumarragako lantegia ixteko asmoa azaldu zuenetik, ezinegona nagusitu da zumarragar eta urretxuar askoren artean.
Zumarraga eta Urretxu industriaren ...
Arcelor Mittal enpresak Zumarragako lantegia ixteko asmoa azaldu zuenetik, ezinegona nagusitu da zumarragar eta urretxuar askoren artean.
Zumarraga eta Urretxu industriaren eskutik hazi ziren eta industriak egin ditu diren bezalakoak. Industriak, ordea, garai batean baino askoz ere pisu txikiagoa du bi herri hauetan. Egun, Arcelor Mittal da alor horretako enpresarik handiena. Enblematikoena. Industriak milaka etorkin erakarri zituen garaiko aztarna bakarra. 3.000 langile izan zituen Esteban Orbegozo enpresaren ondorengoa. 500 bat familiari jaten ematen dien sinbolo bat. Irimo, Sarralde, Madaya… itxi egin ziren eta, orain, sinboloa ere kolokan dago.
Enpresako langileek, zumarragar eta urretxuarrek orokorrean, urteak daramatzate entzuten egunen batean Arcelor Mittal itxi egingo dela. 2014ko abuztu amaieran enpresak aldi baterako itxialdia iragarri zuen eta langileak eta instituzioak asaldatu egin ziren. Udalak beraien eskuetan zegoen guztia egiten saiatu ziren eta langileek beraien lan baldintzak okertzea onartu zuten, lantegia zabalik mantentzearen truke. Duela hiru aste, enpresak Zumarragako lantegia ixteko eta langileak beste lantegi batzuetan birkolokatzeko asmoa azaldu zuen.
Langileek, ordea, lantegia zabalik mantentzeko borrokatzea erabaki dute. Erakundeen eta bizilagunen elkartasuna jaso dute bide horretan.
Astearte eguerdiro enpresaren aurrean elkarretaratzea egiten dute eta martxoaren 19an, manifestazio jendetsu batek Urretxuko eta Zumarragako kaleak zeharkatu zituen. Bi herriak kalera atera ziren, Arcelor Mittaleko langileei elkartasuna adierazteko. 3.000 lagun inguruk parte hartu zuten manifestazioan.
Hasieran hika-mikaren bat egon bazen ere, instituzioak eta alderdiak elkarrekin lan egiten ari dira. Enpresari Zumarragako lantegia ez ixteko eta bideragarritasun plan bat aurkezteko eskatu diote.
Langile batzordea
Leo Bote langile batzordeko presidenteak baikor azaldu nahi du. Erakundeen eta langileen arteko elkarlana azpimarratu du. «Enpresak bere erabakia ezagutzera eman zuenean Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egin zituzten deklarazioak ez ziren batere egokiak izan, baina udalek eta mankomunitateak hasieratik beraien elkartasuna adierazi digute. Zorionez, deklarazio desegoki haien ondoren Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariekin elkartu gara eta dagoeneko guztiok norabide berean arraun egiten ari gara. Guztiok lantegia irekita mantentzearen alde gaude».
Enpresa jokoz kanpo utzi nahi dute. «Guztion artean proposamen bateratu bat egin nahi dugu, enpresak bere erabakia atzera bota dezan».
Langile batzordea udaletako, Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin ez ezik, beste politikari batzuekin elkartu da. «Ezker Batuko europarlamentari batekin elkartu gara eta Europako langile batzordeko presidentearekin ere bai. Altzairugintzak ez ditu garai onak bizi, baina honi buelta eman behar zaio».
Normala den bezala, langileak urduri daude. «Oso egun zailak izaten ari dira guretzat eta komunikabideek plazaratu dituzten informazio ez ofizialek ez dute batere lagundu. Dena den, instituzioen babesak lantegia zabalik mantentzearen alde borrokatzeko indarra ematen digu», amaitu du.
Zumarragako alkatea
Udal agintariek ere baikor azaldu nahi dute. «Enpresak martxoaren 15ean eman zigun bere asmoaren berri eta ordutik aurrerapauso batzuk eman direla uste dut: jarraipen batzorde bat eratu genuen, Arantxa Tapia sailburuarekin eta Ainhoa Aizpuru diputatuarekin elkartu gara…», azaldu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak.
Eusko Jaurlaritza eta Aldundia ere itxieraren aurka lan egiteko prest ikusten ditu. «Hasieran etsipen jarrera ikusi nuen. Erkorekak Zumarragako lantegiaren itxiera Sestaokoarentzat ona izan zitekeela aipatu zuenean eta Olanok Olaberria eta Bergarako lantegiak bultzatu behar zirela esan zuenean, haserretu egin nintzen eta kargu hartu nien. Zorionez, Jaurlaritzak eta Aldundiak borrokarekin bat egin dute eta Jaurlaritzak dokumentu bat aurkeztu du lantegia bideragarri egiteko».
Serranok langileen portaera txalotu du. «Langileak lan errespetagarria eta duina egiten ari dira. Lezioa ematen ari dira eta horrek guri ere itxieraren aurka lan egiteko indarra ematen digu. Nire ustez, enpresak ez zuen espero erakundeek langileekin bat egitea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere iritzi berbera dute. Zuzendaritzak Zumarragako lantegia Madrilgoa bezain erraz itxiko zuela uste zuen, baina ez da hala gertatzen ari. Langileen mobilizazioak espero zituzten, baina ez zuten espero langileek eta erakundeek indarrak batzea».
Langileen eta erakundeen erantzunak zuzendaritzari kezka eragin diola uste du. «Langileak komunikabideetan etengabe ari dira ateratzen eta erakundeotatik beraien mezu berbera zabaltzen ari gara».
Bai berak eta bai Urretxuko alkateak egoera hau luzatzea positiboa dela uste dute. «Berehala itxi behar zutela esan zuten, Aste Santura arte bakarrik zegoela lana. Baina lan gehiago sartu da. Honekin, borrokan jarraitzeko denbora eta ilusioa lortu ditugu».
Zumarragako alkateak ez du hitz egin nahi Arcelor Mittalen lantegia itxiko balitz gertatuko litzatekeenaz. «Borrokarako garaia da. Ez dut berregituraketetan eta berkolokazioetan pentsatzen. Orain, Zumarragako alkate bezala, borrokatzea dagokit».
Borroka horren fruitua lantegi berritu bat izan behar dela dio. «Enpresa zaharberritu behar dugu eta, ondoren, Goierri garaia indarberritu. Oraingoz, lehentasuna Arcelor Mittalen lantegia zabalik mantentzea da. Horretarako, bai enpresak eta bai Jaurlaritzak inbertsio handiak egin behar dituzte. Eta gero, Arantza Tapiarekin eta Ainhoa Aizpururekin dugun sintonia ona Goierri garaia berpizteko erabili behar dugu».
Urretxuko alkatea
Jon Luqui Urretxuko alkateak ere lan egiteko garaia dela uste du. Alde guztiak norabide berean lan egiten ari direla uste du eta baikor ageri da. «Enpresa estrategia zehatz bat martxan jarri zuela uste dut: albistea komunikabideetara filtratu zuen, erabakiaren berri Aste Santu bezperan eman zuen… Lehen astean ahal genuen moduan lan egin genuen, baina instituzio eta alderdi guztiak eskutik joatea lortu dugu. Hori oso garrantzitsua da enpresaren estrategiari aurre egiteko».
Batasun horri esker, enpresa «oso gustura ez egotea» lortu dutela dio. «Lehendakaritik hasi eta azken zinegotziraino, enpresak iritziz aldatzeko zer edo zer egin dezaketen guztiekin harremanetan jarri gara», aipatu du Urretxuko alkateak.
Prozesu luzea izango dela, baina helburua lortu daitekeela uste du. «Denbora igarotzea ona da, neurri batean. Hasieran martxoaren 29a arte bakarrik zegoela lana esan zuten, baina epea luzatu egin da. Eta enpresaren gidoitik zenbat eta gehiago irten, hobe. Mobilizazioak espero zituzten, baina ez erakundeen eta langileen arteko batasuna».
Argi utzi nahi du Goierri garaia osoari eragiten dion arazo bat dela eta kaltetuak ez direla bakarrik Arcelor Mittaleko langileak. «Zumarragako lantegia itxiko balitz, kamioilariek-eta ez lukete inongo babesik izango».
Guztiak enpresa zabalik mantentzearen alde daude, baina bere jarduna aldatu egin beharko dela dio. «Lanpostuen mantentzea bermatzeaz gain, balio erantsi handiagoko produktuak ekoiztea bermatu behar da. Diru-laguntzak egon daitezke, baina bideragarritasun plan bat aurkeztu behar dute. Gakoa bideragarri egin nahi duten edo ez da. Zergatik sartzen dute dirua Avilesen eta hemen ez? Enpresa hauek emaitzak begiratzen dituzte eta ixteko garaia heldu dela iruditu zaie. Guk enpresa bat ixtea ez dela horren erraza, ez dela doan ateratzen, erakutsi behar dugu. Baina buruarekin. Bileretan argi utzi dugu ezin dugula Corrugadoseko eredua jarraitu. Han zalaparta handia sortu zen, baina enpresa itxi egin zuten».
Goierri garaia indartu
Honek guztiak Goierri garaia indarberritzeko balio dezakeela uste du. «Orain Arcelor Mittalez hitz egiten ari gara, baina Urretxun eta Legazpin ere enpresa asko itxi dira. Instituzioekin hasi dugun elkarlana Goierri garaia indarberritzeko baliatu behar dugu».
2014an baino hobeto lan egin behar dela gehitu du. «Historikoki hemen ekoiztu dena beste tokietan ekoizteko erraza da eta hori kontuan izan behar dugu. Enpresa zabalik mantentzea lortu behar dugu, baina 2014an partxe bat jarri zen eta oraingoan zer edo zer gehiago egin beharra dugu. Lantegi horrek zer eta nola egin behar duen ondo lotu behar dugu eta jarduera berriak erakarri», amaitu du.
3.000 langile
Egun Arcelor Mittal dena, Esteban Orbegozok sortu zuen 1930ean. Zarauztar honek lursail bat eskatu zion Zumarragako udalari bertan lantegia jartzearen truke eta baldintza bakarra jarri zioten: herriko langileak hartzea.
Orbegozok herriko langileak hartu zituen… eta herria aldatu zuen. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan enpresa 100 langile pasatxo izatetik 3.000 lagun izatera pasatu zen. Urte haietan Zumarragak populazioa ia laukoiztu egin zuen eta Urretxuk bikoiztu.
Garai hartan, lantegietako arduradunak langile bila joaten ziren geltokira eta, ondo lan egiten bazuten, senitartekoei eta lagunei deitzeko esaten zieten. Gaztelatik, Extremaduratik, Galiziatik… ehunka langile etorri ziren.
Trenak etorkinez gainezka heltzen ziren eta Zumarraga eta Urretxu ez zeuden halako jende andana hartzeko prestatuta. Hala, etorkin horietako asko, ordura arte abandonatuak egon ziren baserrietan eta ardi txaboletan pilatuta bizi behar izan ziren, auzo berriak egin ziren arte. Asko, urik gabe, komunik gabe eta argindarrik gabe bizi izan ziren, San Martin, Legazpi auzunea, Aparizio, Mundo Mejor, Etxeberri, Urola kalea… egin ziren arte. Etxe berriak berehala saltzen ziren eta, inflazio handia zegoenez, 5-10 urtetan ordaintzen ziren.
Urte oparo haietan Orbegozon denetik egiten zen: sukaldeak, ur-berogailuak, bainerak, iturgintzarako osagarriak, tuboak, autoentzako txapa…
Baina dena ez zen oparoa. Langile askoren lan baldintzak oso txarrak ziren eta langile mugimenduak indar handia hartu zuen. Hainbat greba egin ziren. Handiena, 1969koa izan zen: hiru hilabete iraun zuen eta sekulako elkartasun uholdea eragin zuen. Atzerritik ere dirua eta janaria bidali zieten Zumarragako elizan itxialdia egin zuten langileei.
Azkenean, enpresak langileen zenbait eskakizun onartu zituen. Baina greba garesti atera zitzaien enpresari eta langileei: Orbegozotarrek enpresaren sail batzuk Lezora eta Agurainera eraman zituzten eta geldialdiak bezero batzuk galtzea ekarri zuen; horietan garrantzitsuena, Seat.
Gainbehera
Hortik aurrera, ia dena txarrerako izan da: 1970eko hamarkadan nazioarteko krisi energetikoa izan zen, 1982an ETAk Saturnino Orbegozo (fundatzai- learen semea) bahitu zuen eta handik gutxira bankuak enpresa enbargatzera etorri ziren, zorrak zituela eta. Langileek horren berri izan zuten eta ateak itxi zituzten enbargoa galarazteko. Hilabete batzuetan, egun bezala, ezinegona nagusitu zen Urretxu eta Zumarragan. Izan ere, enpresak 1.000 langile inguru zituen oraindik eta bi herrien etorkizuna kolokan zen. Azkenean, Estatu espainiarrak dirua jarri zuen eta Marcial Ucinek Orbegozo hartu zuen pezeta baten truke. Orbegozotarrak Madrilera joan ziren bizitzera.
Ordutik, aurre jubilazio asko egon dira. Ucin Aceralia enpresaren eskuetara pasa zen eta Aceraliak, beste batzuekin, Arcelor multinazionala sortu zuen. 2006an Arcelorrek Mittal Steel-ekin bat egin zuen, mundu osoan ia miloi erdi langile dituen erraldoia sortuz. Horietatik 350 bat, Urretxu-Zumarraga izeneko toki batean.
Aniceto Mujika, langile ohia
«Egoera negargarria da eta amorrua sentitzen dut. Nik urte askoan egin nuen lan Orbegozon. Orain ikusi da orain artekoak partxeak baino ez direla izan, eta ez dela ezer konpondu. Hemengo lantegian egiten dutena askoz merkeago egiten dute beste herrialde batzuetan». «Orbegozo, edo orain Arcelor Mittal, Urretxu-Zumarragako motorra izan da. Ixten badute motor hori galduko dugu, eta hainbeste lanposturen galerak jipoi handia emango dio herriari».
Paco Lozada, Cenor elektrogailuak
«Arcelorren itxierak uste dut nahikoa eragingo diola herriko komertzio txikiari. Batez ere, psikologikoki. Zer gertatuko den beldurrez dagoenean, jendeak ez du dirurik gastatzen. Dagoeneko nabari dela esango nuke, salmentak nahiko pattal doaz». «Urretxu-Zumarraga industria indartsurik gabe geratuko da, eta zerbitzuetan eta tailer txikietan oinarrituko da herriko ekonomia. Hain industriala izan den herri batean, harrigarria da zenbat itxi diren».
Diocelyn Caraballo, Julian taberna
«Gure tabernako bezeroen %80 Arcelorreko langileak dira. Horrek esan nahi du, lantegia itxiz gero, gure bezeroen gehiengoa galduko dugula. Niri zuzen zuzenean eragingo dit, eta negozioa utzi beharko dut ziurrenik. Azken finean, lokalaren alokairua ere ordaindu beharra daukat». «Langileen sentimenduekin jolasten ari dira. Tabernara etortzen direnean triste ikusten ditut, eta ez dute gaiaz hitz egin nahi. Beraiekin zer gertatuko den jakin nahi dute behingoz».
J. Luis Machado, Arcelorreko langilea
«Madrileko Arcelor Mittal itxi zutenean etorri nintzen Zumarragara, duela lau urte. Hutsetik hasi behar izan nuen, eta orain, bizimodu berrira ohitzen ari nintzenean, berriro ere hasieratik hasi beharko dut. Gogorra da. Asturiasera bidaltzen banaute, probatzera joango naiz gutxienez, eta gero gerokoak». «Nik, behintzat, ez dut bikotekide edo seme alabarik. Baina Madrileko lantegiaren itxierak familia asko suntsitu zituen, eta hemen ere berdina gerta daiteke».
Gaston Galan, Adore 3 kafetegia
«Leturiarren auzoan asko eragingo du Arcelor Mitallen itxierak. Batetik, inguru honetako negozio gehienek Arcelorreko langileekin lan egiten dutelako: tabernak, pentsioak… Eta, bestetik, han lan egiten duen jende asko bizi delako auzoan. Nire negozioari eragingo dio, seguru». «Kafetegian denetariko iritziak entzuten dira. Batzuk kezkatuta daude ondorio ekonomikoengatik. Beste asko poztu ere egiten dira kutsadura murriztuko delako. Sentimendu kontrajarriak daude».
Ana Reberca, Urola pentsioa
«Arcelor ixten badute herri osoari eragingo dio, eta guri ere bai, noski. Kanpotik denboraldi batzuetarako lanera etortzen den jendeak gure pentsioan hartzen du ostatu, eta bezero horiek faltako zaizkigu aurrerantzean. Batez ere, udako hilabeteetan etortzen dira. Hamar-hamabost lagun izaten dira udan, hil osorako». «Bezeroek ez dute lantegia ixterik nahi. Jende asko geratuko da lanik gabe. Kutsadura murriztu arren, jendeari bi gauzak axola zaizkio: osasuna eta lana».
Julen Aranberri, Aranburu harategia
«Zumarragan garrantzi handia du Arcelorrek. Itxierak 300 familiari eragingo die eta hori asko da. Zeharka bada ere, herriko komertzioari eragingo dio horrek. Batetik, batzuk kanpora joango direlako. Bestetik, hemen geratzen direnek erosteko ahalmen txikiagoa izango dutelako». «Berria jakin zenean, harategian ez zen beste konturik aditzen. Kezka nabari zaio jendeari. Beste batzuk baikor ageri dira; beste lantegi batzuk ere itxi dituztela eta hau ere gaindituko dugula diote».
Kontxi Aranburu, Izarra arrandegia
«Jendeak oraindik ez daki garbi zer gertatuko den, eta bezero askok guri galdetzen digute ea zerbait entzun dugun. Ezer garbirik ez dakitenez, beldurra nabari zaio jendeari. Hala ere, batzuek esaten dute orain gutxienez aire garbia arnastuko dugula».
«Lanik gabe geratuko diren 300 familia horiek herrikoak badira, behintzat, nik uste dut itxierak eragingo diola herriko ekonimiari eta komertzio txikiari. Denok gaude apur bat kezkatuta».