Artisau azoka egin dute Ormaiztegin lehen aldiz
Herriko artisauek hartu dute parte
Ormaiztegiko elizako arkupeak herriko artisau eta artisten topagune bihurtu dira gaur goizean. 11:00etatik 14:00etara, denetarik ikusteko eta erosteko aukera izan da arkupeetan jarri diren 10 postuetan. Besteak beste, Belen Iza eta Kontxi Simon margolariak, Angel Elortza argazkilaria eta eskulanak egiten dituen Nerea Magallanes izan dira. Bestalde, Kontxi Simon haurrei margotzen erakusten aritu da.
Artisau azoka honetatik gertu, eta hori bezala Udalak eta Zumalakarregi Museoak antolatuta, ekintzaileen topaketa egin da udaletxean. Bilkura honen helburua eskualdeko sektore ezberdinetako enpresetako ekintzaileak elkartzea zen, esperientziak trukatzeko. Moderatzaile lanetan jardun duen Ane Arrietak adierazi duenez, “Jende gutxik hartu du parte, baina ekarpen interesgarriak egin dituzte”.
Artisau azoka eta ekintzaileen topaketa, maiatzaren 15era arte Zumalakarregi museoak ikusgai dagoen Made in Ormaiztegi: garapen industrialaren eredu bat erakusketaren harira antolatu dituzte.