Zeberio eta Igartzabal aurrera, Zeraingo bertso desafioan
Giro eta maila onean hasi dute Zerainen Bertso txiki, saio handi desafioa. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak bikoteka ariko dira bertan; aurrenekoan, Xabier Zeberio eta Aratz Igartzabal aritu ziren Iñaki Muruaren eta Maialen Akizuren aurka. Bi tabernatan egin zituzten saioak aurrena, eta Oiharte sagardotegian bertso afaria, ondoren. Entzuleen botoen arabera aukeratu zuten irabazlea: Zeberiok eta Igartzabalek 90 boto jaso zituzten; Muruak eta Akizuk berriz, 57. Hala, hilaren 30ean jokatuko den finalerako sailkatu dira Zeberio eta Igartzabal.
Antolatzaileak gustura agertu dira aurreneko saioak eman duenarekin, eta “aurreikuspenak bete eta pasa” egin dituela azaldu dute, “bai jende kopuruz, bai bertso mailaz eta bai giroz”. Gainera, adin ezberdinetako herritarrak bildu zirela azpimarratu dute, “denak barrez eta ondo pasatzen”. Tabernetako saioetan 50 lagunetik gora eta afaltzen 65 lagun izan zirela azaldu dute.
Bigarren saioa, ostiralean
Ostiralean egingo dute Bertso txiki, saio handi desafioko bigarren saioa. Gemma Urteaga eta Millan Telleria, Eneko Araiztegi eta Mikel Mendizabalen aurka ariko dira. Aurreneko saioa 19:00etan izango da Ostatu tabernan; bigarrena 20:00etan Mandion, eta afaria 21:00etan, Otatza sagardotegian. Afarirako izena emateko, 943 80 17 57 telefono zenbakira deitu behar da.