Aitziber Olarte da Beasaingo udal arkitekto berria
Berangoko (Bizkaia) Aitziber Olarte arkitektoak irabazi du Beasaingo Udaleko hirigintza arloko aholkularitza teknikoaren lehiaketa. Lau urterako esleipena lortu du eta atzo hasi zen lanean berangarra.
Udaletik gogorarazi nahi izan dutenez, «aholkularitza zerbitzuen esleipena baldintza plegu zorrotz baten pean gauzatu dela Beasaingo hirigintza beharrei egokien erantzungo dien eskaintza kontratatu ahal izateko».
Lehiaketara 11 hautagai aurkeztu dira. «Baldintza pleguko irizpideei jarraituta, horietatik zazpik egin zuten lehiaketan aurrera, eskatutako hirigintza post gradu titulua izateko eskakizuna betetzen zutelako». Euskarazko froga egin zuten ondoren; bostek gainditu zuten. Eskuragarritasun baldintzen puntuaketa egin eta «azkenik martxoan, lizitatzaileek aurkeztutako proposamen ekonomikoen puntuaketa gauzatu da. Era berean, puntuagarriak izan ziren udalak eskatutako argibide-eskaerei erantzuna emateko denbora-epea, udal teknikoekin koordinazioa edota udal zerbitzuek egin beharreko ordenantza urbanistiko berrien justifikazioa edota hobekuntza proposamenak».