Leharreiko onenak goierritarrak
Juanjo Igartzabal zumarragar-aztiriarrak eta Laida Elizegi zaldibiarrak irabazi dute Leharrei I. Mendi Lasterketa, Gabirian. Azken aldapa 5:34 minutuan igo du azkarrenakGabirian larunbat goizean jokatu zen I. Leharrei mendi lasterketa, eta bi goierrita...
Juanjo Igartzabal zumarragar-aztiriarrak eta Laida Elizegi zaldibiarrak irabazi dute Leharrei I. Mendi Lasterketa, Gabirian. Azken aldapa 5:34 minutuan igo du azkarrenak
Gabirian larunbat goizean jokatu zen I. Leharrei mendi lasterketa, eta bi goierritar dira txapeldun: Juanjo Igartzabal zumarragar-aztiriarra (2:04:53), eta Laida Elizegi zaldibiarra (2:35:36). Euripean 167 korrikalari abiatu ziren, 24 kilometroko ibibilde gora-beheratsu eta lokaztura.Lau orduren buruan, karreran ziren guztiek lortu zuten bukatzea (lauk utzi zuten lasterketa). Goierriko Trail Kopa ligarako lehen proba baliagarria da, eta Igartzabal eta Elizegi aterako dira liderren elastikoekin, horrenbestez, Segura-Zeraingo Sanson mendi lasterketan.
Eguraldi umelak, eta batez ere lokatza handiak, asko histu zuten lasterketa —ikupegi ikusgarriak daude, oskarbi denean—. «Lokatz horrekin aldamenetara begiratzeko denborarik ez zuen ematen, beti lurrera begira. Oinetakoa bertan gelditzen zen ia», zioen Laida Elizegik.
Igartzabal garailearentzat ere berezia izan da Leharrei. «Batez ere Legorburu baserritik pasatu garelako. Bertan amama bizi da, eta horrek motibazio berezia sortzen du». Hasieratik lasterketa buru izan da Igartzabal. Aizalekun 4 minutuko aldea zeraman.
Molinak Learregiko saria
Lasterketari izena eman dion Learregi azken aldapa —Agerreko Askatik Gabiriako herrigunera, zuzenean— azkarren igo zuenari sari berezia eman zion Ternua etxeak: 2017 bildumako kirol zamarra berria. Xabier Molina Goñi urretxuarrak igo zuen zati hori azkarren, 5:34 minutuan.













