Espainiako txapeldun berria da Ampo taldeko Mikel Alonso txirrindularia, taldekako jazarpen proban, jubeniletan. Euskadiko selekzioarekin lortu du txapela. Errepidean dabil orain buru belarri.
Txirrindularien herrian bizi da Mikel Alonso (Ormaiztegi, 1999). Peio Olaberria eta Jon Ander Insausti goi mailara iritsi dira, eta atzetik datoz Ander eta Mikel Alonso anaiak. Azken honek, Espainiako txapelketa irabazi du Euskadiko selekzioarekin, pistako taldekako jazarpen proban.
Nola joan zen Espainiako txapelketa? Non jokatu zenuten?
Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu genuen apirileko lehenengo asteburuan. Euskadiko selekzioarekin parte hartu nuen taldekako jazarpenean eta puntuazio proban. Jazarpen proban Balear Uharteetako selekzioaren aurka jokatu genuen finala. Oso estua izan zen, 3 ehunenengatik irabazi genuen. Proba guztian segundo bat aurretik joan ziren beraiek baina azkenean guk irabazi genuen. Beraiek ziren faboritoak; haiek txikitatik aritzen dira eta pistan.
Euskal selekzioko beste kideak zeintzuk ziren?
Jazarpeneko proban lau ateratzen gara. Unai Iribar, Luis Mari Garitano, Xabier Mikel Azparren eta Imanol Isasa aritu ziren sailkapeneko proban. Baina finalean ni sartu nintzen Unai Iribarren ordez, lesio batekin ibili zen eta.
Donostiako belodromoan entrenatzen duzue?
Bai, aurre denboraldian aritzen gara pistan. Eguraldiak ez du laguntzen neguan. Eskolarekin ere, entrenatzeko ordu gutxi gelditzen zaigu eta Donostiako belodromora joaten naiz, astean hirutan.
Beste txirrindulari batzuk ziklo krosa egiten dute aurre denboraldian.
Normalean txirrindulariok ziklo krosa edo pista egiten dugu aurre denboraldian, eta nik pista egiten dut. Negu partean katarroak eta harrapatzeko arriskua izaten da ziklo krosean eta ni barruan aritzen naiz. Ziklo krosa gainera esplosiboagoa da; errodadoreak normalean pistan ibiltzen gara. Cavendish eta Wiggins ere pistan ibiltzen dira.
Errepideko denboraldia ere hasi duzue. Zer espero duzu?
5-6 lasterketa korritu ditugu dagoeneko. Ea denboraldi honetan erregular ibiltzen naizen. Lehenengo urtekoak izanda sufritzea tokatuko da. Kadeteetan 50-60 kilometroko lasterketak izaten genituen, eta aurten 90-100 kilometrokoak ditugu. Mendateak ere gehiago izaten ditugu. Hiru-lau eguneko lasterketak ere izango ditugu, Gipuzkoako Itzulia eta Iruñeko Itzulia adibidez. Itzuliak gogorragoak izaten dira.
Zein ezaugarritako txirrindularia zara?
Errodatzen hobeto ibiltzen naiz. Goraka ere aldapa motzetan moldatzen naiz, baina aukeran laua nahiago dut. Alegi aldera joaten naiz entrenatzera, hemen aukeran aldapan gehiegi dago.