Lore eta landare azoka egingo dute igandean Gernikako Arbolan
Igande honetan, 10:00etatik 14:00etara, lore eta landareen azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Goiz osoan zehar, loreak, landareak, lorezaintzako tresnak eta jateko lore eta haziak egongo dira salgai. Gainera,
Igande honetan, 10:00etatik 14:00etara, lore eta landareen azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Goiz osoan zehar, loreak, landareak, lorezaintzako tresnak eta jateko lore eta haziak egongo dira salgai. Gainera, loreak eta landareak zozkatuko dituzte.
Urtero bezala, haurrentzako tailerrak ere egongo dira. 11:00etatik 14:00etara izango dira. Landareak nola landatu irakatsiko diete eta eskulan tailer bat egongo da. Bestalde, azokan erosketak egiten dituzten guztiek lore eta landareen zozketan parte hartuko dute.
Bederatzi postu jarriko dituzte. Seitan loreak eta landareak salduko dituzte: Zumarragako Urruti, Aramako Aritz Urretabizkaia, Ordiziako Azanza, Usurbilgo Aranburu eta Artinea eta Lasarte-Oriako Rosa Maria Esteban.
Bestalde, Errenteriako Cactus Islaya enpresak kaktusak salduko ditu eta Ikaztegietako Iñaki Ormazabalek txori txabolak. Kilometroak 2016 festaren antolatzaileek ere postua jarriko dute.
Hauetako batzuk urtero etortzen dira Urretxuko azokara. Urretabizkaia aramarra, adibidez. «Hasieratik etortzen gara. Azoka ona da, baina eguraldiak salmentak asko baldintzatzen ditu. Aurten, urtero bezala, denboraldiko loreak eramango ditugu» azaldu du.
Krisia hasi zenetik, salmentak asko jeitsi direla dio. «Orain jende gutxiagok erosten ditu loreak. Gainera, aurten ez du izotzik egin eta, beraz, jendeak iazkoak mantendu ahal izan ditu».