Kilometro koadro bakarreko herria da Arama; 215 biztanle ditu. Lazkao Txiki bertsolariak bere buruaz esaten zuen «txikia bai, baina eskasa ez» esaldia bere egin dute aramarrek, herriaren izaera ondo baino hobeto islatzen duelako.
Iker Irribarria pilotari gazteari esker inoiz baino ospetsuagoa egin da Arama. Pilotariaren aitzakian, gero eta jende gehiago joaten da Goierrin dagoen 215 biztanleko herri horretara. Gaur egun herriko kirolaririk ezagunena Irribarria bada ere, hain herri txikia izanda goi mailako kirolari ugari dago. Asier Mujika alkateak zerrendatu ditu: Oier eta Danel Calvillo anaiak Realeko beheko taldeetan dabiltza, Xabier Gorospe golfean, Asier Unanue txirrindularitzan, eta Olatz, Maider eta Manu Unanue, korrikan. Herri kirolaria dela esateko moduan dira aramarrak. Udaletxeko goiko solairuan ireki berri duten gimnasioak ere arrakasta du herritarren artean.
Azaleraz herri txikia da Arama; biztanlez ere bai. Txikia bai, baina eskasa ez. Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren esaldi horixe dute lelotzat aramarrek, esaldi horrek ondo baino hobeto islatzen duelako Aramaren izaera. «Lazkao Txikik bere buruagatik esaten zuena guretzat hartu genuen», argitu du alkateak.
N-1 errepidearen ondo-ondoan dago. «Oso ondo komunikatutako herria da. Ordizia eta Itsasondo gertu daude, 10-15 minutuan oinez iristeko moduan. Itsasondoko tren geltokia ere 5-10 minutura dago».
Errepide nagusitik hain gertu egotearen alde onak, dena den, berarekin dakar alde txarra ere, alkatearen esanetan: «Horren gertu egoteak badu gabezia bat: hotsa. Autobideen hotsa dezentekoa dugu, eta horrek eragozpen batzuk sortzen dizkigu». Mujikak jakinarazi duenez, lursail bat badu udalak etxebizitzak egiteko: «Baina dirudienez ez dugu egiterik izango, hotsagatik».
Aramar gazteentzat etxebizitzak egiteko asmoarekin dabil udala, baina oraintxe arau batzuk aurrera ateratzeko «nahikoa lanekin» dabiltza, hotsaren arazoagatik. «Leku horretan etxebizitza berriak egiteko 20 metroko altuerako pantaila bat egiteko eskatzen digute. Autobidea horrelako ezer ere kontuan hartu gabe egin dute. Egingo genituzkeen etxebizitzek arazo akustikoak edukiko lituzkete, baina orain eginda daudenek ere badute. Irtenbide zaila dago».
«Ekintza plana eginda daukagu, eta urtean pare bat
herri batzar egiten ditugu herritarren beharrak aztertzeko»
Asier Mujika (Aramako alkatea)
Gogoratu duenez, azkeneko etxebizitzak duela bederatzi urte egin ziren, 24 bat guztira. «Harrezkero ez da etxebizitzarik egin, eta gazteak herritik joaten ari dira». Oraingoz, udaletxe zaharrean etxebizitza bat egokitu dute: «Esleipen prozesuan gaude. Alokairu merkean jarriko dugu».
Errepide aldetik duen komunikazioa ona bada ere, herri txiki askotan bezala, Interneteko komunikaziorekin arazo handiak dituzte Araman. «Komunikazio aldetik oso ondo gauden bezala, Internet aldetik oso gaizki gaude. Ia ez daukagu Internetik, eta behar ikaragarria daukagu».
Goierriko beste herri txiki batzuetara Internet iristen hasi dela eta, Aramara iritsiko den esperantza daukate: «Orain, Eusko Jaurlaritza Kazeta Gune eta mediku etxe guztietara Internet iristeko lanean ari da, eta badirudi horri esker gurea bezalako herri txikietara ere iritsiko dela». Mujikak zehaztu duenez, Internet gabeziarekin batera, gas naturalaren zerbitzurik eza da herri txikien desabantaila bat: «Propanozko gasa daukagu herri guztiarentzat, baina oso garestia da».
Herritarren parte hartzea
Aramarren parte hartzea sustatzen saiatzen da etengabe udala. Agenda 21 programa horretarako erabiltzen dute. Hainbat batzorde sortu dituzte, eta herri batzarrak egiten dituzte: «Ekintza plana eginda daukagu, eta urtean pare bat herri batzar egiten ditugu herritarren beharrak ikusi eta aztertzeko». 30 bat lagun elkartu izan dira herri batzarretan, baina alkateari parte hartzea handitzea gustatuko litzaioke.
Herriko zerbitzuetan eta ekintzetan, dena den, herri bizia da Arama. Herriko plazan dagoen Toki Alai aramarren topagunea da, baina baita Haur Txokoa, liburutegia, gaztelekua, gimnasioa, pilotalekua eta parkea ere.
Udaletxe berria egin zenean haur eskola bat jartzeko lokala egokitu bazuten ere, momentuan ez dute haur eskolarik sortzeko baldintzarik ikusten. «Urtean haur bat edo bi jaiotzen baitira herrian». Eskolarik ere ez dago herrian. Ordiziatik eta Itsasondotik hain gertu egonda, hango ikastetxeetara joaten dira Aramako haurrak.
1931ko apirilean, autodeterminazioa eskatzeko mozioa
R1931ko apirilaren 16an, Aramako Udala eratzeko batzarra egin zuten. Errepublika sortu berriari ongietorria ematearekin batera, Euskal Herriaren eskubideak aldarrikatzen zituen mozioa onartu zuten. Besteak beste, autodeterminazioa eskatzen zuten Euskal Herriarentzat. Itsasondon bi egun geroago onartu zuten mozio bera.
Duela 85 urteko mozio hura gogoan, bihar Goierriko Gure Esku Dago-k ekitaldia egingo du Aramako pilotalekuan, 11:00etan. 1979tik gaur egundainoko Goierriko alkateak eta zinegotziak gonbidatu dituzte ekitaldira. Aldi berean, erabakitzeko eskubidearen alde Goierrin egitekoa den herri galdeketan parte hartzeko deia egingo diete gaur egungo udal ordezkariek goierritarrei.
«Aramarra sentitzen naiz; Aramaz guztiz maiteminduta nago»
Taberna bakarra dago Araman, Toki Alai. Duela zortzi urtetik, Anne Otegi da hango arduraduna.
Aramarren topagunea da Toki Alai taberna.
Zortzi urte egin behar ditugu aurten Toki Alain, eta lortu dugu taberna huts bat baino gehiago izatea. Herria txikia da, baina aktibitate handia dago. Araman badago lelo bat: Arama txikia bai, baina eskasa ez. Eta lelo hori zorrotz betetzen dute. Ekintzailea da oso hemengo jendea. Sozializatzeko beste modu bat da taberna.
Ekintza bereziak egiten dituzue?
Taberna hartu genuenean, kultur ekintzaileak ere izan nahi genuela nabarmendu genuen. Lehenengo urteetan, umerik ez geneukanean, herriko umeekin gauza batzuk egin genituen, sukaldaritza ikastaroa ere egin dugu, barbakoa, sushia…Orain, maiatzaren azkeneko astebururako, Trukezoka bat antolatzen ari gara. Elkartasunezko ekintza bat izango da. Aldi berean, trukearen filosofia eta beste kontsumo mota batzuk bultzarazten saiatuko gara. Jendeak eskertzen du, edozer gauza egiten dela. Herriko jendea oso parte hartzailea da.
Toki Alai jatetxeko janari eskaintza berezia da. Makrobiotika, sukaldaritza japoniarra… betiko arrautza frijitu, patata eta txistorrarekin uztartzen dituzu.
Pixka bat bai. Orojalea naiz, baina barazkiak asko gustatzen zaizkit. Janari osasuntsuaren inguruan mugitu izan naiz beti. Probatzen probatzen, ikaragarrizko jarrera ona izan du. Jendeak geroz eta gehiago zaintzen du bere burua, geroz eta arazo gehiago daudelako. Oso haragizaleak izan gara, baina aldatzen ari da. Txuleta-eta parrillan jateko mila leku dauzkazu, baina barazkijaleak diren platerak jateko ez dago aukera handirik.
Eguneko eta asteburuko menuan beti daukagu aukera begetarianoa edo beganoa izango litzatekeena, eta aparte, makrokonbi plater konbinatua ere izaten dugu, makrobiotikaren irizpideetan oinarritutakoa. Denentzako aukera pixka bat egoten saiatzen gara.
Bezeroek zer moduz hartzen dute sukaldaritza mota hori?
Gauza arraroekin kosta egiten zaigu, baina probatu eta jendeak oso gustura hartzen ditu. Adineko jendea platerak probatzera etortzen da. Hori niretzat izugarrizko poza da. Batez ere, konfiantza handiarekin etortzen dira, eta hori da guk transmititzen duguna: konfiantzazko leku bat dela. Jan ezin daitekeen gauzarik ez dugu jartzen; arraroa izango da, elikagairen bat edo beste izango ditu ezezagunak, baina platera ez da hain ezberdina ere. Jendea gustura joaten dela dirudi; errepikatu egiten dute, eta hori da saririk handiena.
Sukaldaritza japoniarra ere jorratzen duzu.
Sushia gustatzen zaion jendea oso zalea da, eta asko eskertzen dute sushia jatera Donostiara joan beharrean Araman bertan jateko aukera izatea. Miso zopa ere tripatako arazoa dutenentzat oso ona da; oso goxoa da, eta jendeak oso gustura jaten du.
Ordiziatik Aramara etorri zara bizitzera. Nolako herria da Arama?
Aramarra sentitzen naiz; Aramaz guztiz maiteminduta nago. Jaiotzez itsasondoarra naiz, 3 urterekin Ordiziara joan nintzen bizitzera gurasoekin, eta orain Araman bizi naiz. Araman zoratzen nago.
Zeren falta sumatzen duzu?
Bere alde onak eta txarrak ditu. Gauza txarra da autoa hartu behar duzula derrigorrean. Egia da herrian ezin daitekeela ezer ere erosi. Baina oinez ere joan daiteke, Ordizian 15 minutuan zaude.
Zerbitzu aldetik nola ikusten duzu herria?
Haur txokoa daukagu; nahi dugunean sartzen gara, berogailua eta jostailuak daude bertan. Gimnasioa eta liburutegia ere badauzkagu, parkea, pilotalekua… Bizia dago Araman. Nahi duenarentzat, herri bizitzan sartzen denarentzako, zoragarria da. Bertako jendeak harrera oso ona egiten dio kanpotik datorren edonori. Herria bera ere oso polita da, oso ondo zainduta dago. Umeentzako leku ezin hobea da. Eskolarik ez daukagu, baina autobus zerbitzua doakoa da.