Aramatik Aramara 85 urteko aldarria
Autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena lehenengo aldiz Aramako eta Altzagako udal aktetan idatzi zuten, 1931ko apirilaren 16an. Errepublikak bi egun zituen, eta euskal estatutuaren peskizan ...
Autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena lehenengo aldiz Aramako eta Altzagako udal aktetan idatzi zuten, 1931ko apirilaren 16an. Errepublikak bi egun zituen, eta euskal estatutuaren peskizan mugituak ziren jada udalak.
Ekaitzaren osteko eguzki printza bezainbesteko argitasuna izan zen Errepublikaren etorrera 1931ko apirilean euskal udalentzat. Diktadura eta monarkia atzean utzi, eta apirilaren 14an itxaropena erne zen, lehenengo goizaldean Eibarren eta iluntzean Madrilen erregimen aldaketa gauzatu zutenean. Bi egun lehenago, hilaren 12an, igandea, udal hauteskundeak izan ziren. Udalak eratzeko batzarrak astean zehar burutu ziren Goierriko herri askotan. Eta ez zuten haizeak nondik joko itxaron postura eta eskakizun politikoak zehazterakoan.
Araman eta Altzagan udalbatza berriak apirilaren 16an eratu zituzten. Karguak izendatu ondoren —Joaquin Mujika jarri zen alkate Araman, Jose Consuelo Oiarbide Altzagan— eta udal funtzionamenduko erabaki batzuk hartu eta gero, mami politiko historiko handiko akordioa egin zuten: «Azkenik —diote bi aktek, berdin—, erabaki zen Gipuzkoako Errepublikako gobernadore zibilari karguhartzeen berri ematea, eta ezarritako erregimenarekin bat egitea, benetako lankidetza eskainiz eta zera eskatuz».
Eta eskakizun zuzena eta garbia egin zuten jarraian: «Une historiko honetan, gure nazioaren askatasun politikoen erregimen suntsitzailea desagertu den honetan, Espainiako estatuaren berregituraketa berriaren aurrean, udal honek, nazio gisa Euskalerriari [Araman Euskalerria hitza darabil] dagozkion eskubide naturalak eta historikoak baieztatu ondoren, Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehenengo ekintza bezala Euskal Errepublika aldarrikatzea eskatzen du, gure arbasoek gozatu zuten bezala, gainontzeko Iberiar Errepublikekin konfederatua».
Handik aurrerako egunetan, hitz beretan mintzatu zen Ormaiztegiko Udalbatza (apirilaren 17an) eta Itsasondokoa (apirilaren 18an).
Nola Araman, hala Itsasondon, zein Altzagan, udal idazkaria pertsona bera zen: Joxe Angel Izuzkiza Altuna itsasondoarra. Figura interesgarria da, Goierrin «autodeterminazio» kontzeptua duten lau aktetatik hiruren egilea delako —beste udalerrietan ez da hitz hori ageri, Ormaiztegin salbu—. Izuzkiza 1927tik 1936ko abuztuan atxilotu arte izan zen idazkari. Frankistek Reinosara (Kantabria, Espainia) deserriratu zuten gero, lana han emanda.
«Oso pertsona euskaltzalea zen, eta hizlari gisa urtetan EAJk antolatutako ekitaldi publiko askotan parte hartu zuen. Kazetari eta Itsasondoko kronikalari gisa, berriz, Murumendi ezizenarekin, El Dia egunkarian, eta Euzkadi eta Argia aldizkarietan idatzi zuen», dio Arkaitz Arruabarrena historialariak Arama, apunte historiko eta etnografikoak liburuan.
Ormaiztegin, berriz, aktak zehaztu du udal ordezkaritza osoa «euskal abertzalea» dela.
Mikel Aramendi ikertzaile itsasondoarrak dioenez, EAJren bidez iritsi zen autodeterminazio kontzeptudun adierazpen hori Goierrira «Errepublika aldarrikatu zeneko egunean bertan [apirilaren 14an] Donostiako Udalbatzan jelkideen gutxiengoa osatzen zuten zinegotziek idatzi berbera aurkeztu baitzuten».
Txinparta, Bizkaitik
Giro politikoa bero zegoen 1931ko apiril hartan. Kataluniak errepublika eta estatu propioa aldarrikatu zituen 14an bertan. Hiru egun iraun zuen nahiak, Madrildik ministro talde bat joan, eta negoziazioetan autonomia estatutura murriztuta utzi baitzuten subiranotasun egarria. Generalitatea berreskuratu zuten, horrekin.
Euskal politikari abertzaleak ere kataluniarren ildotik hasi ziren mugitzen, batik bat Bizkaian. Bermeo, Mundaka, Elorrio, Getxo eta Gernikako alkateek prentsan publiko egin zuten autodeterminazio beharra, Hego Euskal Herrian ere.
Apirilaren 17an Gernikara joateko deia ere luzatu zuten alkate haiek. Poliziak eragotzi zien herrian biltzea, eta Gernikako Agiria kanpoaldean izenpetu behar izan zuten, azkenean: Euskal Errepublika zuten helburu, «bertako hiritar guztiei, oraingoei nahiz gerokoei, egokiera askea eta baketsua bermatzeko eta ororentzako ongia eta askatasunak ematen dituen onurak ziurtatzeko».
Autodeterminazio kontzeptuaren filosofia zeukan oinarri manifestu hark ere: «Askatasunez erabakita gobernatzeko herriek duten eskubide berezko eta ezin kenduzkoa» aitortu zuten. «Libre determinazioa» kontzeptua erabili zuten haiek.
Estatus politikoaren eztabaida Lizarran bideratu zuten, 1931ko ekainaren 14an Euskal Estatutuari bide emateko. 220 udal elkartu ziren, eta 200ek onartu zuten Eusko Ikaskuntzak idatzitako testua.
Europara begira
Egitate historiko soiletatik harago, Gure Esku Dago dinamikak duela 85 urteko egoera eta mugimendu hartan jarri du arreta; erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena aspaldikoa dela frogatzeko, eta estatus politikoa aldatzeko formula gisa, herri nahiz erakundeen batasun mugimenduak duen indarraz ohartarazteko.
«Duela 85 urte ere, gaur egungo aldarrikapenak bizi-birizik zeuden. Orain baino biziago, seguru asko», dio Gure Esku Dagoko Anjel Oiarbidek.
Erabakitzeko eskubidearen defentsan, eta ekainerako Goierrin deituta dagoen galdeketaren atarian (Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? da galdera), 1930eko hamarkadako neurri bera ematea lortu nahi da: «85 urtera, goierritarrak ardatzari heldu, galdera adostu eta ariketa egiteko gai garela ospatu behar dugu».
Errepublikaren hasierako autodeterminazio eskakizun harekin, Euskal Herria Europara begira zegoela gogorarazi du Oiarbidek. «Autodeterminazio terminoa lehenengoetariko aldiz erabili zuten. I. Mundu Gerraren ondoren, austro-hungariarren arteko gerran hasi ziren erabiltzen. Mundu Gerraren bukaerako 14 puntuko deklarazioaren puntuetako bat da autodeterminazio eskubidea; determinazio librea ere aipatzen da. 1905ean, Norvegiak Suediarengandik independentzia lortu zuenean, norvegiarrek sinadura bilketa bat eginda abiarazi zuten prozesua, baketsu», gogoratu du Oiarbidek.
Europan herrien erabakimenaren aldeko «korronte bat» bazen, eta euskal herritarrek haiengan zeukaten iparrorratza jarrita, ordurako. «Euskal Herria terminologia modernoen atzetik zebilen jada. Europan oraindik ere aurrera segitzen du. Gu geratu gara atzera. Frankismoak etenaldia ekarri zuen, eta erabat gerarazi zuen 1930eko hamarkadan Euskal Herrian erne zena».
Atzera, Goierrin eta Euskal Herrian, 85 urteren ondoren, tonu hura «berreskuratzea» da orain zeregina, «oinarri bat» ematen diolako erabakitzeko eskubideari. Txinparta piztutako leku berean saiatuko dira, bihar, sugarra hauspotzen.
Kronologia
1931tik 1936ra, Errepublika aldarrikatu zenetik Euskal Estatutua onartu eta lehen erakundeetara.
1930-8-17. Donostiako Ituna. Alderdi errepublikazaleak elkartu eta monarkia bukatzeko estrategia adostu zen.
1931-4-12. Udal hauteskundeak Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan. Errepublikazaleek eta abertzaleek irabazi zituzten.
1931-4-14. II. Errepublikaren aldarrikapena.
1931ko apirila eta maiatza. Goierriko udalak eratzeko batzarretan, autodeterminazioaren eta euskal errepublikaren edo estatutuaren aldeko aldarrikapenak.
1931-6-14. Lizarrako Estatutua, 220 udal asanbladan elkartuta. Estatutu euskal-nafarraren alde 200, estatutu nafarraren alde 3, inolako estatutu ez ziotenak 15 eta autonomia erregionalaren alde 2.
1932-6-19. Udalen asanblada Iruñean. Euskal Estatutuaren alde 354, aurka 137 (horietatik 123 nafarrak), abst. 59.
1933-11-5. Estatutuaren erreferenduma.
1934ko otsaila. Estatutuaren prozesua gerarazi zuen Espainiako Gobernuak.
1936-7-18. Gerraren hasiera.
1936-10-6. Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zuten Espainiako Gorteek. Euskal Gobernua urriaren 7an eratu zuten.
Hautetsien deia galdeketarako
Autodeterminazio aldarrikapena udalbatzar aktan ipini eta 85 urte zehatz geroago, Arama berriz ere erabakitzeko eskubidearen gune bihurtuko da. Goierrin sekula egin den alkate eta zinegotzi topaketa handiena izatea espero da, bihar, 2016ko apirilaren 16a, larunbata.
Gure Esku Dagok, Elkarrekin egitasmoan, ekaineko galdeketarako beste urrats bat egingo du. Aurreko zapatuan Legazpin galdera aurkeztu ondoren (Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?), galdeketan parte hartzeko eskatu diete bihar hautetsiek goierritarrei: 16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko dute.
Ekitaldia xumea izango da, baina karga sinboliko eta hedadura politiko handikoa. 11:00etan hasiko da.
Goierriko oraingo 22 udaletako alkate eta zinegotzi guztiak daude gonbidatuta, zuzeneko gutunen bidez. Duela bost urte, 2011ko apirilaren 18an, Itsasondon Goierri beheko 18 alkateak elkartu ziren.
Bi mila zinegotzi kargu
Aramara, ordea, ez daude gaur egungo hautetsiak bakarrik gonbidatuta. Demokrazia aldia berrezarri zenetik gaurdainoko zinegotzi eta alkate guztiei ere deialdi irekia egin die Gure Esku Dagok.
1979tik 2015era bitartean hamar udal hauteskunde izan dira, Goierrin. Lau urtero, berrehundik gora zinegotzi kargu aukeratu izan dira 36 urte horietan. Guztira, 2.048 udal zinegotzi aukeratu dira eskualde osoan, epe horretan.
Lehenengo «mugarria» 2011n jarri zuen Gure Esku Dagok, Itsasondon. Ikerketa historiografikoen arabera, uste zen Itsasondon izkiriatu zutela lehendabizi aldiz autodeterminazio eskaria. Mikel Aramendi kazetari itsasondoarrak plazaratu zuen akta eta aurkikuntza hura.
Geroztik, Aramako udal artxiboan aurkitu da bi egun lehenago izan zela han batzarra. Horregatik aukeratu dute Arama 2016ko ekitaldia egiteko, 85. urteurrenean. Aramaz, Altzagaz eta Itsasondoz gain, Zegaman, Zumarragan, Gabirian, Ormaiztegin, Legazpin, Mutiloan, Zaldibian eta Ataunen ere —gutxienez— 1931ko aktetan ageri da atxikimendua.
Bihar, Araman biltzen diren zinegotzi, alkate eta lehenagoko hautetsi goierritarrek agiri bat sinatuko dute, eta egiteko bat izango dute: «Ekaineko galdeketan parte hartzeko deialdia egitea».