Beasaingo Olaran eraikina aztergai izango dute ondare arkitektonikoari buruzko kongresu batean
Beasaingo Udalak eta gobernu taldeak Olanaren etorkizunari buruzko lanketa egiten jarraitzen du. Azken urratsa ondare arkitektonikoari buruz Donostian azaroan egingo den DO.CO.MoMo-ren IX. Kongresuan Olaran eraikina hausnarketa eta azterketa prozesu batean txertatzea izan da. Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofizialaren Gipuzkoako delegaritzako ondare batzordeak antolatutako kongresua da.
Politikariek, herritarrek eta teknikariek osatutako prozesu parte hartzaile batean, bere kudeaketarako emango diren pausoak definituko dituzte bertan.
Gipuzkoa mailan antzeko egoeran dauden beste hiru eraikuntzekin batera aukeratua izan da Olaran. Beasaingo Udaletik jakinarazi dutenez, “hain zuzen ere, ondare mota honek herritarrentzat sortzen dituen arazo eta aukeren adierazgarri direnak dira”.
Bilera atzo
Kongresuari begira, atzo bilera egin zuten Beasaingo udaletxean. Prozesu horren arduradun direnak Beasaingo alkatearekin, hirigintza eta kultura zinegotziekin, Goiekiko zuzendariarekin eta Olaranen birmoldaketarako ardura duen teknikariarekin elkartu ziren.
DO.CO.MoMo kongresuaren ordezkarien izenean Beasainen izan ziren Claudia Pennese, prozesu parte hartzaileko zuzendaria (RB3) eta Irati Otamendi arkitekto beasaindarra, EHUko aurre-doktoretzako ikerlaria da Otamendi eta bere ikerkuntza lanaren funtsa ondare industriala da. Bilera amaitzean Olaran eraikuntza bisitatu zuten, “honen berreskurapenak bai herriari eta inguruari eskaini diezaizkioken aukerei buruz hausnartzeko”. Udaletik nabarmendu dutenez, “udaletxeko bileran eta ondoren eraikuntzara egindako bisitan, politikariek zein teknikariek eraikuntzaren ezagutzari eta berreskurapen eta balioan jartzeko planteamenduari eman zioten garrantzia”.
Docomomo
DOCOMOMO (Documentation and Conservation of buildings, sites and neighbourhoods of the Modern Movement) 1990an sortutako nazioarteko erakundea. Mugimendu modernoaren ondare arkitektonikoa babestu, zabaldu eta inbentarioa egitea da bere helburu nagusia.
Olaran eredu horren barruan dago: “XX. mendearen lehen erdialdean eraikitako eraikuntzen artean, eta ordurarte Europan ohiko eraikuntza motarekiko berrikuntza suposatu zuen estiloari atxikia. Hain zuzen ere eraldaketa industrialaren beharrek hirigintza eta giza erronka berriei egokitutako erantzun eraginkorra emateko eraikuntza mota berriarena. Gipuzkoan ondare moderno horretako eredu nagusienak eraikin industrialak dira”, zehaztu dute udaletik.
Diagnostiko fasean
Prozesu parte hartzailea ezagutza eta diagnostikoaren aurretiazko fasean dago. Ekainean on line bidezko lehen parte hartze fase batekin hastea aurrikusia dago, eta urrian etorkizuneko egoera eta estrategiak lortzeko bertaratze saio batekin amaituko da.
Udaletik beasaindar guztiak gonbidatu nahi dituzte prozesura, “Manufacturas Olaran herriko historiaren adierazgarri da eta bertako beharrei erantzun bat emateko aukera izan daiteke”.