Lehengo eta gaurko ehunka hautetsik berritu dute 85 urteko autodeterminazio aldarrikapena, Araman
Historia, oraina eta etorkizuna. Hiru ardatzek Aramako Loitza pilotalekuan bat egin dute, gaur goizean. Gure Esku Dago dinamikak antolatuta, Goierriko garai bateko eta gaur egungo ehunka zinegotzi eta alkate —izandakoak edo orain direnak— elkartu dira. Duela 85 urte, gaurko egun batez, herri hartan —eta Altzagan— udalbatzek lehenengo aldiz autodeterminazio nahia agertu zuten. Eta gaur Goierriko herri denek berretsi dute.
Estatus politikoaren inguruko eztabaida berrabiarazi beharra dagoela sinatu dute hautetsi guztiek, eta erabakia “gure esku” dagoela. Aldi berean, Goierrin ekainean egitekoa den galdeketan parte hartzeko deia ere gauzatu dute.
Ekitaldia bi dantzariren Agurrak eta Zaldibiako txistulari taldearen musikak hasi dute. Inaxio Usarraldek aurkeztu du, eta Mikel Aramendi itsasondoar kazetariak hitzaldia egin du. Duela bost urte, hark topatu zuen Itsasondoko udal artxiboan hitz beretan mintzo zen akta-testua. “Harrigarria” autodeterminazio hitza egin zitzaiola aitortu du, eta Europako garaiko korronteekin zegoen miresmena aipatu du.
Jarraian, Aramako alkate Asier Mujikak irakurri du geroxeago hautetsi guzti-guztiek sinatu duten testua. Hain justu, Mujikaren birraitona Joaquin Mujika aukeratu zuten Aramako alkate 1931ko apirilaren 16ko udalbatzar hartan, autodeterminazio aldarria onartu zuten bileran. Asier Mujikaren aita eta aitona ere alkate izanak dira; lau belaunaldiren eta 85 urteko historiaren uztarketa egin du, beraz.
Ondoren, herrika deitu dituzte zinegotzi, alkate eta hautetsi ohi guztiak. Goierriko 22 udalerriak zeuden ordezkatuta. Ezkiok eta Itsasok bereizita egin dute sinadura: 23 herri hala.
Honela dio Goierriko ehunka hautetsi eta zinegotzi ohik sinatu duten testuak:
Goierriko herritarrek ELKARREKIN, adostasun kultura hauspotuz, elkarrizketa ireki eta parte-hartzaileak sustatuz, estatus politikoaren inguruan ikuspuntu ezberdinen argudioak zabalduz, azken finean herritarrak ahaldunduz eta demokrazian sakonduz ematen ari diren pausoak oso positibotzat ditugu. Horregatik, Araman orian 85 urte bertako ordezkari politikoek egin zuten moduan, 2016. urteko apirilaren 16an Goierriko ordezkariak garen heinean, gogora ekarri nahi ditugu orain 85 urte Goierriko ordezkari politikoek sinatutako aktak. Hala nola, ELKARREKIN prozesuarekin bat egin eta herritarrei ekainean burutuko diren herri kontsultetan parte hartzeko deia egiten diegu. Ehunduz, Adostuz eta Erabakiz, demokrazian sakonduz, 85 urteren ondoren, estatus politikoaren ardatzaren eztabaida bizirik dago. Erabakiak batzen gaitu, ERABAKIA, GERO eta ARGIAGO, GURE ESKU DAGO.Ordezkari bakoitzak bina agiri sinatu ditu. Kopia bat Aramako udaletxean gordeko dute, eta bestea Lazkaoko Beneditarren Artxibora eramango dute. Taldeko argazkiak atera dituzte gero, pilotalekuan bertan eta kanpoko eskaileretan. Iker Zubeldiak “oraindik asko dago egiteko” bertso batean abestuz bukatu da ekitaldia.