Preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen defentsan mugitzeko eskatu du Goierriko Sarek
Goierriko Sare ekimenak Hartu trena egitasmoa aurkeztu du, gaur eguerdian, Beasainen. Bernedoenea aparkalekuan dagoen tren kafetegi-bagoiaren aurrean irudikatu dute euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimenduaren hasiera.
Kolektibo horien giza eskubideak “egunero urratuak” izaten direla salatu dute Goierriko hainbat pertsonak, agerraldiak. “Egoera horri konponbidea ematea premiazkoa da; ezin dugu itxaron, lehenbailehen eman behar da”.
Goierriko aurkezpena izanik, bereziki preso, iheslari eta deportatu goierritarren kasuak azaldu dituzte. Gaur egun 13 goierritar daude kartzeletan preso. “Bisitak egin ahal izateko, joan-etorriko 16.985 kilometro egin behar dituzte senideek eta lagunek, astero. Horien artean Pako Mujika ordiziarra aurkitzen da, Europak ebatzitako zigor batuketen neurriaren arabera kalean egon behar luke”.
Giza eskubideen “konpromiso serioa eta zintzoa” hartzeko eskatu dio Sarek Goierriko gizarteari. Sakabanaketa bukatzea, larri gaixorik dauden presoak askatea eta “salbuespen legedia” amaitzeko eskatu dute.
Maiatzaren 14an eta 15ean hainbat ekitaldi eta ekimen antolatuko ditu Sarek. Horietan parte hartzeko ere gonbita zabaldu dute.