I. Irakurketa martxa egingo dute bihar Ordiziako Jakintza ikastolan
Atxagaren 'Obabakoak' liburuaren irakurketa jarraia egingo dute, 8:30etan hasi, eta 22:30ak aldera arte
Bihar, astelehena, Ordiziako Jakintza ikastolan I. Irakurketa martxa egingo dute. Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren irakurketa jarraia izango da egun osoan zehar: 8:30etan hasi eta 22:30 aldera arte izango da, etenik gabe. 300 pertsona baino gehiagok parte hartuko dute. Batetik, hezkuntza komunitateko kideak izango dira: ikasleak, irakasleak, gurasoak, zerbitzuetako langileak, eta ikasle eta irakasle ohiak. Bestetik, herriko hainbat eragile eta erakundetako kideak: hala nola, Emaneurre, Amets Bide dantza taldea, Ordiziako udala, Goierriko Bertso Eskola, Musika Eskola, futbol, igeriketa eta rugby elkarteak, Kimetz elkarteak eta Ordiziako irakurle taldea.
San Inazioko eraikineko liburutegian hasiko dute I. Irakurketa martxa. Bestalde, arratsaldean, eraikin bereko aretoan, Obaba pelikula ikusteko aukera izango da hiru saiotan: 16:00etan, 18:00etan, eta 20:00etan. Deialdia irekia da, eta interesa duen orok parte har dezake.