I. Segura-Zerain mendi lasterketa korrikalariak hartzeko prest
Hamabost egun baino gutxiago falta direnean, Seguran eta Zerainen prest dute I. Segura-Zerain edo SanSon proba. Maiatzaren 7an, larunbatean, 16:00etan irtengo dira korrikalariak irteera puntutik.
Bi ibilbide prestatu dituzte bi herri horietako mendietan barrena. Ibilbide luzeak 25 kilometro ditu eta 1.500 metroko desnibel positiboa. Ibilbide motzak, berriz, 14,5 kilometro eta 880 metroko desnibel positiboa.
Bi lasterketetan izena eman nahi dutenek, kirolprobak.com webgunean egin behar dute.
Sariak lehen hiru gizonezkoentzat eta hiru emakumezkoentzat izango dira. Era berean, korrikalari guztien artean oparien zozketak egingo dituzte, besteak beste, Sportiva etxeak emandako bi zapatila pare.
Gaur Seguran egindako aurkezpenean antolatzaileek aurreratu dutenez, lasterketaren amaieran mokadutxoa izango da korrikalarientzat: oilasko hegoak, txorixoa… Ondoren, korrikalariek eta boluntarioek paella jateko aukera ere izango dute.
Goierri Trail Kopa
Goierri Trail Koparen barruko bigarren proba da Segura-Zerain. Gabiriako Leharrei lasterketan emakumezkoen liderraren elastikoa eskuratu zuen Laida Elizegi zaldibiarrak parte hartuko duela ziurtatu du. Mutiletan, Juanjo Igartzabal doa lider, baina oraindik ziurtatu gabe dago bere parte hartzea.
Gabirian ez zen lasterketa laburrik izan. Beraz, Segura-Zeraingo probatik aterako dira bi liderrak.
Bilera boluntarioekin
Apirilaren 28an bilera egingo dute boluntarioekin, bakoitzaren lanak zeintzuk izango diren jakinarazteko.