Azokak indartze bidean
Astero Goierriko herri ezberdinetan egiten diren azoketan baserritarrei gero eta zailago egiten zaie produktuak saltzea. Horri irtenbide bat eman eta azokak berak indartzeko ...
Astero Goierriko herri ezberdinetan egiten diren azoketan baserritarrei gero eta zailago egiten zaie produktuak saltzea. Horri irtenbide bat eman eta azokak berak indartzeko elkarlanean dabiltza Ordizian eta Tolosan.
Baserritarren azokak gainbeheran doaz. Horixe da, tamalez, gaur egungo errealitatea. Salmentak ez dira garai batekoak, eta baserritarrei gero eta gehiago kostatzen zaie azoketan euren produktuei irteera ematea. Hori ikusita, Ordizian eta Tolosan azokak indartzeko ekimen bateratu bat abian jartzea erabaki zuten iaz.
Arrate Iturbe Ordiziako eta Tolosako baserritarren azoketako dinamizatzaileak garbi dauka etorkizunean mota honetako azokek iraun behar badute «aliantzak egin eta elkarlanean lan egiteko bideak» sortzea beharrezkoa dela. Eta horretan dabiltza azken urtean.
BI herrietako azoketako beharrak berdinak zirela ikusita proposamen bateratu bat aurkeztu zuten iaz Ordiziako eta Tolosako udaletan. «Interesgarria iruditu zitzaien eta proiektua abian jarri genuen». Goimen eta Tolomendi elkarteen babesa ere izan dute bide honetan.
Urtea beteta, aurrera?
Hiru izan dira aurtengo helburu nagusiak. Batetik, azokek zer nolako inpaktu ekonomikoa duten jakiteko EHUko ekonomia aplikatuko taldea ikerketa bat egiten ari da. «Datu ekonomiko errealak falta zitzaizkigun. Maiatz amaierarako izango ditugu emaitzak eta zenbaki hauek zein norabidetan jarraitu behar dugun jakiteko balioko digute». Bestetik, normalizazioaren bidean «baserritarrak euren artean antolatzeko» beharra ikusi da. Baita, «azoketako barne araudi komun bat» sortzekoa ere. Era berean, «azokak herri dinamikan txertatu eta erosketa publikoa bultzatzeko» ere lan egin da.
Bide honetan Ordiziako eta Tolosako azoken arteko aliantzak sortu dira, eta bateko zein besteko ordezkariek bi azoken antolaketa ezagutzeko aukera izan dute. Lanak bere fruituak eman ditu, baina oraindik asko dago egiteko. Orain, udalek erabaki behar dute hitzarmenak jarraipena izango duen ala ez.