Elkarretaratze jendetsua egin dute Ormaiztegin desjabetzeen aurka
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute iluntzean, Ormaiztegin. Ehun lagunetik gora bildu dira Aintziñe okindegiaren atarian, bertan lan egiten zuen eta aste honetan zendu den Ane Mujika gogoratzeko.
Ordu erdi iraun duen bilkuran, Laboral Kutxarekin zuen zorra medio, “urtebetetik gora borrokan” pasa duela gogoraratu dute, okindegia eta abal moduan jarria zuen gurasoen etxea kenduko zioten mehatxupean. Kaleratzeak Stop elkartean nahiz herriarentzat egindako lana goraipatu dituzte.
Bilkura bukatzeko, bertsoa eta dantzarien agurra eskaini dizkiote. Hainbat herritarrek, lore bana ere jarri dute okindegiaren aurrean. Ormaiztegiko tabernek ere, elkartasun keinu batean, ateak itxita izan dituzte ordubetez, 19:00etatik 20:00etara.