Pilota federazioak eta NER Groupek "pilota berpizteko" hitzarmena sinatu dute
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko federakuntzek eta NER Group taldeak “pilota berpizteko” hitzarmena sinatu dute. Kooperatiba taldeak 400.000 euroko laguntza eta taldeko 25 lagunen boluntario lana eskaini dizkie pilota federazioei, horien kontseiluetan parte hartzeko nahiz teknikariei laguntzeko.
Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak azaldu duenez, akordio horren helburua pilota bultzatzeko “kirol, politika eta batez ere, gizarte aldetik konpromiso bat” lortzea da. Hala, “pilota harrobitik” bultzatu nahi dute, Lehen Hezkuntzatik hasita.
Akordioarekin, “euskal pilota berriro ere erreferente” bihurtu nahi dute, bai ikastetxeetan eta baita herrietan ere. Izan ere, kirol eskaintza hain zabala izanda, gaur egun 3.000 besterik ez dira euskal pilotan federatuta dauden kirolariak. Atzerakada horrez gain, “erremintako modalitateek ere une latzak” bizi dituztela azpimarratu dute.
Sinatu berri duten hitzarmena “oso garrantzitsua” izango dela deritzote kirol honentzat, baina aurrera begira, “agente ezberdinen bultzada” ere eskatu dute. Hala, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei, klubei eta ikastetxeei ere akordio honetara batzeko deia egin diete, “euren lana ezinbestekoa baita pilotak berriro ere bere distira errekuperatu dezan”.
AKORDIOAREN PUNTU NAGUSIAK · Herrialde mailan Euskal Pilotari buruzko proiektu bat lortzea Euskadiko, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Euskal Pilota Federakuntzen parte hartzearekin, beti ere. · Proiektuan Eusko Jaurlaritza, Diputazioak, udaletxeak, klubak, ikastetxeak eta gizartea bera sartuko dira eta horiekin guztiekin partekatuko dugu proiektua. · NER Groupek 3 urteko kolaborazioa eskainiko du, 400.000 euroko aportazioa burutuz. Lan-eremuan neska eta mutilen arteko berdintasuna egongo da eta jokalariek ez dute dirurik kobratuko parte hartzeagatik. · Era berean, eta NER Groupek dauzkan gizartearekiko konpromiso kriterioen arabera, NER Groupek 25 boluntario inguruko talde bat osatuko du, Euskadiko Euskal Pilotako Federakuntzako Kontseiluan lan egiteko eta tekniko arduradunekin kolaboratzeko. · Lanak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, aipatutako estamentuen arteko gizarte sentsibilizazioa eta elkartasuna; eta bestetik, lau federazioetako zuzendari teknikoek gidatuko duten planifikazioa eta lana.