«Gaur egun beste edozein instrumenturen pare dago trikitia»
Beasaingo Loinatz Musika Eskolako trikiti irakaslea da Juan Tapia (Asteasu, 1964) azkeneko 27-28 urteetan. Bihar Beasainen ospatuko den Euskal Herriko Trikiti Egunaren ...
Beasaingo Loinatz Musika Eskolako trikiti irakaslea da Juan Tapia (Asteasu, 1964) azkeneko 27-28 urteetan. Bihar Beasainen ospatuko den Euskal Herriko Trikiti Egunaren antolakuntzan dabil. Biharko egunari eta trikitiaren egoerari buruzko hausnarketa egin du Tapiak.
Noiztik ospatzen duzue Euskal Herriko Trikiti Eguna?
2011n hasi ginen berriz Euskal Herriko Trikiti eguna ospatzen. Duela 25 bat urtera arte, urtero ospatzen zen Euskal HerrikoTrikiti Eguna. Beti egun zehatz batean egiten zen. Jendeak bazekien data eta jendeak gogoan hartzen zuen data hura. Sakratua izaten zen egun hura eta egun horretan inork ez zuen erromeriarik lotzen. Trikitilari guztiak elkartzen ginen. Oso- oso giro ona sortzen zen. Baina pixkanaka galtzen joan zen.
Orain bi urtean behingo festa da.
Urtero egitea gehiegi izan zitekeela uste genuen eta bi urtean behin egiten hasi ginen. Durangon hasi ginen. Hurrengo urtean Bergaran egin genuen. Handik bi urtera Zarautzen eta aurten Beasainen. Emanaldi asko daude eta zaila da urtero egitea eta bi urtetik behin egitea erabaki genuen. Nire betiko gerra da, data zehatz bat jartzea. Orain arte beti data desberdinean egin dugu. Lehen egiten zen bezala data zehatz bat jarriko bagenu, jendeak gogoan hartuko luke eta emanaldirik ez luke hitz emango.
Euskal Herriko Trikitilari Eguneko egitaraua
11:00. Loinazko San Martin plazan elkartu eta hamaiketakoa.
11:30. Beasaingo kaleetan zehar kalejira.
14:00. Bazkaria Gernika pasealekuko pilotalekuan.
17:30. Erromeria Gaitzerdi taldearekin, pilotalekuan.
Garai batean Euskal Herriko Trikiti egunak izan zuen nortasun hori berreskuratu nahi duzue beraz.
Horixe. Egia da gauzak aldatzen joan direla. Lehen ez zen hainbeste jende, ez zegoen hainbeste eskola, eta multzo txikitan etortzen ziren trikitilariak. Hura errazagoa zen antolatzea, eguraldi txarra izanda ere tabernetan sartzen ziren eta kitto. Baina gaur egun eskolak etortzen dira, talde handiak. Ikasleek zer nahi duten ere ikusi behar da gaur egun. Garai batean oso tipikoa zen egitaraua: meza, hamaiketakoa, kalejira, bazkaria eta han zeudenek txandaka jotzen zuten. Orain, talde bat ekartzen dugu. Ume asko etortzen da eta erromeria giro hori piztu nahi dugu.
Eskolak aipatzen ari zara. Eskolen eguna izaten al da?
Ez, ez. Lehen garai batean, eskolarik ez zen, oso bakanak ziren. Orduan jende heldua etortzen zen, «profesionalak». Gazteak haiek ikusteko irrikan joaten ziren. Orain, eskola asko daude. Eskolak etortzen dira baina beste «profesional» horiek ez dira etortzen. Ez zait ondo iruditzen hori, Euskal Herriko Trikiti Eguna da, baina eskolen festa bezala bihurtu da. Eta ez da hori. Ikusiko da aurten nola joaten den. Gu trikitilari famatuak ikusteko irrikan joaten ginen, asko bultzatzen zigun horrek. Orain ez dira etortzen asko eta asko, beste batzuk bai. Horretan egin behar dugu borroka, gazteen erreferentzia diren trikitilariak ekarrita.
Beasain aukeratu duzue aurten Euskal Herriko Trikiti Egunerako. Beasainen ba al dago trikiti girorik?
Nik 27 bat urte daramatzat Beasainen trikitia erakusten. Ni etorri nintzenean, bi trikiti ikasle zeuden. Bi trikiti eta bi pandero zeuden musika eskolan. Orduantxe hasi zen trikitia musika eskoletan sartzen. Ordura arte, banaka zeuden eskolak. Gero jende asko ibili da. Goierrin badago zaletasuna. Dantzarako zaletasun gutxi egotea da arazoa.
Erromeria berreskuratzeko helburuarekin Erromeri Bira egiten da Goierrin.
Bai, eta Beasainen izan den bi urteetan, oso giro polita sortu da. Adin desberdinetako jendea elkartzen da. Ematen du pixka bat ari ote den berpizten. Baina soinua polita da, dantza eginda. Horrek grina sortzen du trikitilariarengan. Lehen trikiti dantza egiteko zen, orain beste edozein instrumentu bezala da. Dantza giro hori bultzatzeko zerbait egin beharra dagoela iruditzen zait. Jendea badago dantzarako, baina plazako dantzarako ez hainbeste.
Gaur egun zenbat ikasle dituzu?Ikasleen profila aldatu da?
30 bat. Lehen ibilitako jendea berriz dator ikasteko gogoarekin. Teknologia berriekin bideoa grabatu eta bidaltzeko aukera ematen du, gogoarekin itzuli da jendea. Lehen ikasleak 12-13 urterekin hasten zen trikiti ikasten. Ni neroni 15 urterekin hasi nintzen. Gaur, egun 8 urterako hasten dira. Eta hori desberdina da.
Ikasteko modua ere aldatu da. Garai batean belarriz ikasten zen, gaur egun partitura bidez, zenbaki bidez ere bai.
Bai. Garai batean ikastera beste gogo batekin etortzen zen. Adina ere desberdina zen. Etxera joan eta eskolan entzundakoa jotzen jarraitzen zuten. Gaur egun, ikasleak eskolatik ateratzen dira eta trikitirik ez dute hartzen hurrengo egunera arte. Belarriz hari ematea, alferrik da. Zortzi urteko ikasle bati ezingo diozu eman belarriz ikasteko, ikasi azkarrago egiten da, musika eskolatik beste ekintza batera joango dira. Hurrengo egunean trikitia hartzen dutenean ez dira gogoratuko zer ikasi duen. Hortik hasi zen, partiturak idazteko beharra. Lan horretan hasi nintzen lehenengotako naiz.
Beste abantailarik ba al du partiturak?
Bai, beste instrumentu batekin jotzeko ere berdin-berdin balioko duela. Taldeak oso modan daude eta partitura hori edozein instrumenturekin jo daiteke. Solfeoa hizkuntza orokorra da.
Trikitia beste instrumentuen pare jarri eta beste entitate bat hartu duela uste al duzu?
Lehen trikitia baserri giroko instrumentua zen. Gaurko egunean, berriz, beste edozein instrumenturen pare dago; mundu osoan da ezaguna. Solfeoak beste ikuspuntu bat eman dio trikitiari.
Inportanteagoa?
Lehen trikitiarekin arin-arina, fandangoa, kalejira eta balsa bakarrik jo zitezkeela zirudien. Baina hori ez da horrela. Gaur egun beste oihartzun bat dauka. Kepa Junkera jende askok ezagutzen du.
Lehen trikitilari bikoteak aritzen ziren, gero taldeak etorri ziren… Aldaketak ezagutu ditu trikitiak.
Garai batean, trikitilaria eta pandero-jotzailea aritzen ziren. Gero ahotsa sartzen hasi ziren. Jende gaztea sartzearekin batera, beste ideia batzuk etorri ziren, instrumentuak nahastea, adibidez. Instrumentu batzuk oso ondo uztartu dira. Bikotean jotzen dutenak badaude, baina normalean gehiago izaten dira taldeak.
Garai batean infernuko hauspoa deitzen zitzaion trikitiari. Gaur egun nola deituko zenioke?
Zeruko alaitasuna edo. Lehen garai batean herri batzuetan ezin izaten zen trikitirik jo elizan. Apaizek debekatzen zuten. Nire aitak isuna ordaintzen zuen balsa jotzen zuelako. Sueltokoa izan behar zuen.
Trikitilari familiakoa zara.
Bai. Eleuterio zen nire aita; harekin ikasi nuen nik. Bere garaian hoberenetakoa zen. Orduan erromeria asko egiten zen. Hiru egunean jarraian etxera etorri gabe egoten zen; arratsaldean ekitaldi bat eta gauean bestea…. Joseba Tapia lehengusua dut. Juanito osaba ere bagenuen; istripuan hil zen hura.