Ordizia Kirol Elkarteak 75. urte bete ditu aurten, eta horren harira zazpi kirolarik haien esperientzia kontatu zieten bost eta seigarren mailako haurrei herri antzokiko mahai inguruan.

Oholtza gainean zazpi lagun, eta guztiek zerbait komunean: kirola. Atzo goizean Ordiziako Herri Antzokian bildu ziren Etor Mendia prestatzaile fisikoa, Alazne Furundarena atleta, Ana eta Irene Usabiaga txirrindulariak, Iker Korta errugbi jokalaria, Iker Irribarria pilotaria eta Aintzane Encinas futbol jokalaria. Moderatzaile lanetan, berriz, Igor Eguren aritu zen.
Ordiziako Kirol Elkarteak aurten 75 urte bete ditu, eta horren harira kirolaren inguruko mahai ingurua antolatu zuten. Oholtzaren beste aldean, bost eta seigarren mailako ikasleak, adi-adi kirolarien gomendioak eta esperientziak entzuten.
Kirola baino gehiago
Kirolari bakoitzak haren esperientzia kontatu zuen. Guztiak txikitatik hasi ziren kirola praktikatzen, eta modu batean edo bestean, guztiak kirolari lotutako bizitza daramate.
Osasunerako garrantzitsua dela nabarmendu zuten hizlariek, baina horrez gain bestelako balioak ere jaso dituzte kirolari esker. «Oso isila eta itxia izan naiz beti, lotsatia. Kirola egiteak, ordea, irekiagoa izaten lagundu dit, eta lagun gehiago egiteko ere baliagarria izan zait», adierazi zuen Ana Usabiagak. Furundarenari ere antzeko zerbait gertatzen zitzaion duela urte batzuk: «Ni ere lotsatia izan naiz beti, eta sozializatzeko lagundu dit. Lehen ez nintzen gai izango jende aurrean hizketan aritzeko, eta orain bai», agertu zuen atleta ordiziarrak.
Kirola «behar» bat ere badela uste du Mendiak. «Gizakiaren gorputza mugitzeko dago diseinatua», azaldu zuen. Eskola eta lanean hainbeste ordu eserita egon ostean mugitu egin behar dela gaineratu zuen. Kortak taldean jokatzen du, eta talde lanaren garrantzia ere agerian utzi zuen. Gainera, esfortzuak emaitzak ekartzen dituela esan zuen. Baieztapen horrekin ados agertu ziren guztiak. Hala ere, Mendiak argi utzi zuen garrantzitsua dela bakoitzak onartzea non dagoen bere muga, nahiz eta horrek ez duen ekidin behar ahal den eta gehien hobetzen saiatzea, eta bakoitzak bere helburuak lortzeko lan egitea.
Ikasketak alboratu gabe
Gehienek ez dituzte albo batera utzi ikasketak kirola praktikatzeko. Irene Usabiagak azaldu zuen errepideko txirrindularitza utzi eta pistari begira duela urtebete jarri dela: «Ikasketak medio profesionaletan pistan aritzea atzeratu egin nuen. Iaz amaitu nituen ikasketak eta aurten profesionaletan ari naiz», esan zuen. Irribarriak ere ingeniaritzako ikasketekin jarraitzen du. Encina Realeko jokalari da duela 12 urtetik, baina ikasten jarraitu du. Hala adierazi zuen: «Futbol jokalaria naiz, liburu bat argitaratu dut, entrenatzailea ere banaiz, irakaslea… Azken batean, ezin naiz futboletik bizi, eta horregatik beste alor batzuetan ere banabil», adierazi zuen donostiarrak.
Famaren alde on eta txarra
Ikasleek aukera izan zuten zazpi kirolariei nahi zuten galderak egiteko. Ikasleetako batek galdetu zien ea nahiko luketen fama gehiago izan. «Fama ez, baina gure lana gehiago errekonozitzea eskertuko genuke», azaldu zuen Ana Usabiagak. Hizlariek azaldu zuten ez dutela fama nahi, jendearen animo, maitasuna eta babesa baizik.