Kamioiak Lazkaoko Azkar garraio enpresan. Argazkia: @TxapisOtegi
Lazkaoko Azkar lantegiaren jarduera eten eta bertako langileak Lasarteko plantara eramatea erabaki du zuzendaritzak. Ez dute lantegia erabat itxiko, baina biltoki lanetarako bakarrik erabiliko dute, bi langilerekin. ELA sindikatuak salatu duenez, ez langileei ez ordezkari sindikalei ez zaie lan antolaketa beharriaren inguruan kontsultarik egin, eta “informazio falta, lan batzordea baztertzea, langileoi mespretxua, presioak, lan erritmo bortitzak eta ordaindu gabeko orduak” jasan behar izan dituztela diote. Horri, gainera, langile baten kaleratzea gehitu behar zaio. ELAtik “elkartasun osoa” adierazi eta laguntza eskaini diote kaleratutako lankideari.
80 urtetik gorako historia
Eusebio Erauskinen aurreneko kamioia.
Azkar enpresak urte askotako historia du Lazkaorekin lotuta. Eusebio Erauskinek sortu zuen 1933an; kamioi batekin, Lazkaotik Bartzelonarako bidea egiten hasi zenean. Gerra ondorenean, urte batzutako etena izan zuen, baina atzera, 1945ean ekin zion lanari. 50eko hamarkadan Gipuzkoan eta Euskal Herrian zehar zabaltzen hasi zen, delegazio ugari irekita. 70eko eta 80ko hamarkadetan berriz, estatu osora zabaldu zen. Zabalkunde horrek 90eko hamarkadan jarraituko zuen, Portugalen hiru delegazio irekiz eta horrela, penintsula iberiar osoa hartuz. 1999an burtsara jauzia egin zuen. 2013an Dascher enpresak Azkar erosi zuen, eta harrezkero Dascher Group nazioarteko garraio taldeko kide da Azkar.