Rockaren tenpluak
Tabernak eta rocka estuki lotuak daude. Historiako rock talde handienek tabernetan eskaini zituzten beraien lehen kontzertuak eta, gainera, tabernetan sortzen den berotasuna ez ...
Tabernak eta rocka estuki lotuak daude. Historiako rock talde handienek tabernetan eskaini zituzten beraien lehen kontzertuak eta, gainera, tabernetan sortzen den berotasuna ez da areto handietan sortzen. Goierrin ere makina bat tabernatan antolatzen dituzte kontzertuak. Bi ostalari beteranok eta bi gaztek rockaren eta tabernen arteko loturari buruz hitz egin dute.
Joseba Telleria Iuseppe Legazpiko Karibe Zaharra tabernako nagusietako bat da. Oso gaztetan hasi zen ostalaritzan eta duela 25 urte Karibe Zaharra taberna hartu zuen, Agustin San Migel Txamar bere lehengusuarekin.
Beti gustatu zaio rock musika, baina duela gutxi hasi zen kontzertuak antolatzen. «Gure bezero batek proposatu zigun kontzertuak antolatzea, Yerko Ortiz gitarra-jotzaileak. Duela bost urte izan zen hori. Herrian rock kontzertu gutxi antolatzen zirela esan zuen eta lehen kontzertua berak eman zuen, beste herritar batzuekin».
Ordutik, makina bat emanaldi antolatu dituzte Karibe Zaharrean. «Hilero hiru bat kontzertu antolatzen ditugu. Talde oso ezberdinak pasa dira hemendik. Herriko taldeak hasi ziren, baina Internet eta sare sozialak medio, kontzertuak antolatzen ditugula zabaldu da eta talde askok deitzen dute. Birak egiten ari diren taldeak etortzen dira. Bospasei kontzertu ematen dituzten inguruko tabernetan eta gastuak denen artean ordaintzen ditugu».
Kalitate handiko taldeak etortzen direla dio. Karibe Zaharretik Cesar Domenech, The Crockets, Tutti Frutti Jazz Project, Pepe Botika, Edson Goya, Yaman Brothers, The Northagirres, Menphis Mafia, Arraio, Klakson eta Jon Gurrutxaga pasa dira, besteak beste.
Telleriak kontzertua gogoangarri asko egon direla dio, baina berarentzat bereziena Yerko Ortizek eta bere ikasleek urtero ematen dutena da. «Gitarra ikasleentzat ikasitakoa erakusteko oso aukera polita da eta jende asko etortzen da. Bestalde, The Romanticos taldeak hemen aurkeztu ditu disko guztiak».
Kontzertuak antolatzea merezi duela uste du. «Ostiral gauetan jendea pozik dago eta kontzertuetan oso giro polita sortzen da. Bezeroak pozik ikustea oso pozgarria da eta musikariak ere gustura aritzen dira. Izan ere, eszenatoki batean jotzen dute eta soinua asko zaintzen dugu. Gainera, taberna altua eta karratua da, eta hori ere lagungarria da».
Kontzertuak antolatzen hasi zirenetik, lehen baino musika zaleagoa dela onartu du. «Tabernak musika zale izatera behartzen zaitu, baina kontzertuak antolatzen ditugunetik gehiago zaletu naiz: kontzertu gehiagotara joaten naiz, musikari buruzko albisteak jarraitzen ditut… Rock zalea izan naiz beti, baina Mikel Laboa eta Benito Lertxundi ere asko gustatzen zaizkit».
Troskaeta taberna
Herri txikietan ere badaude rock kontzertuak antolatzen dituzten tabernak. Ataungo Troskaetan, adibidez. Aitor Aldasorok 14 urte zituenetik lan egiten du bertan. 2001ean berak hartu zuen negozioa eta duela zazpi bat urte kontzertuak antolatzea erabaki zuen. «Herriko musikariekin hasi ginen. Lehen kontzertua Belarra taldeak eman zuen», gogoratzen du.
Ordutik, makina bat talde pasa da Ataungo taberna honetatik. Besteak beste, Balerdi Balerdik eta Pettik jo dute Ataunen. Baita Eneko Dorronsoro musikari ataundarraren eskutik etorri ziren AEBtako banjo-jotzaile bat eta Kanadako bakarlari batek ere.
Bezeroek eskatuta hasi zela dio Aldasorok. «Belarra taldekoak lagunak dira, nire anaia bat oso musika zalea da… Kontzertuak bezeroei opari bat egiteko antolatzen ditut eta arrakasta dute. Atzerriko talderen bat ekartzen dugunean, batez ere, jende asko elkartzen da. Oso giro ona sortzen da. Lehengoan, adibidez, Balerdi Balerdi taldekoak ataundarrak zirela zirudien: kontzertuaren ondoren bezeroekin hitz egiten egon ziren. Diskoteka eta plazetan antolatzen diren kontzertuetan ez da halakorik gertatzen».
Xuber taberna
Telleria eta Aldasoro ostalari beteranoak dira jada, baina beraiek erretiratzen direnean ere rockak eta ostalaritzak eskutik helduta jarraituko dute Goierrin. Izan ere, ostalari gazteei ere tabernan kontzertuak antolatzea gustatzen zaie. Oraindik ez da urtebete pasa Joseba Albizu eta Marian Velasco beasaindarrek Xuber taberna ireki zutenetik, baina dagoeneko lehen kontzertuak antolatzen ari dira. Izan ere, musikari garrantzia handia ematen diote. «Taberna gehienetan pop musika eta reggaetoia jartzen dute eta gu rock zaleak gara».
Lehen kontzertua apirilaren 16an egin zuten: Mantala No bakarlariak jo zuen. «Musika zaleak gara eta taberna batean musika oso garrantzitsua da. Musikak tabernari izaera ematen dio eta giro beroa sortzen du».