Iazko abendutik geldirik dago proiektua. 300 metro koadroko lokala erabat egokituta dago
Zaldibiako eraldatze gune kolektiboa erabat prest dago, baina, hala ere, oraindik ez dago martxan. Hala adierazi zuten gaur goizean lehen sektorean aritzen diren batzuk, baserritarren izenean egindako prentsaurrekoan. Bertan,
eraldatze gunea “lehenbailehen” martxan jartzeko eskatu dute. Izan ere, 2015. urte amaieratik geldirik dago proiektua, ez atzera ez aurrera.
Kontserbak, esnekiak, eztia, eta zukuak egiteko aukera dago Zaldibiako Goizane eraikinean dagoen lokalean. 300 metro koadroko lokala da, eta jada beharrezko makina guztiak jarrita daude hala nola, gazta, eztia, zukuak, eta marmeladak sortzeko. Hasiera hasieratik produktu bat sortzeko bide guztia egin ahal da eraldatze gunean, hala nola, esnetik hasi eta gazta egin artekoa.
Geldirik dago proiektua
Aurreko aldundiak abian jarri zuen eraldatze guneen proiektua, eta hasiera batean hiru izan behar ziren Gipuzkoan: Lezon, Mutrikun eta Zaldibian. Azken hau bakarrik egin dute, baina ez dago martxan. Proiektua egin zutenean hitzarmen bat adostu zuten dinamizazio eta kudeaketa lanentzako pertsona bat kontratatzeko, baina pauso hori eman gabe dago. Adierazi dutenez,
urteko 30.000 euro izango dira beharrezkoak gunea abian jartzeko. Bestalde, “gardentasuna eta zuzentasuna” bermatze aldera eskatu dute “kudeaketa ahalik eta publikoena bermatzea”. Gipuzkoako Foru Aldundiak ia milioi erdi bat euro bideratu zizkion Zaldibiako Udalari martxan jartzeko gunea.
Ekoizleei begira
Helburua guztiek ibili ahal izatea da eraldatze gunea. Ez bakarrik produktuak sortzeko, izan daiteke baita ere bestelako probak egiteko, eta baita halako ikastaroak ere antolatzeko. Alegia,
baserritar askok ezin dute horrelako inbertsio handia egin, eta eraldatze gunea aukera ederra izan daiteke horientzat. Horrela, bertan produktuak sortu ahalko zituzten, zerbait ordainduz. Xehetasunen inguruan ez dira asko aritu, lehenik eta behin proiektua funtzionatzen hasi dadin nahi dute, eta ondoren etorriko direla egokitzapenak ere adierazi dute. Ander Kerejeta Goierriko lehen sektoreko baserritar batzuen izenean aritu da hizketan, eta hala adierazi du:
“Kalitatezko elikagaiak eskaintzea eta trukean prezio duina eskuratzea da helburua”.
Azaldu dutenez, ekoizle txiki asko daude proiektua abian jartzeko zain, eta horregatik
sinadura bilketak egingo dituzte. Maiatzaren 1ean Aralarko larreen irekieran mahai batean jarriko dute Larraitzen jendearen babesa lortzeko, eta ondorengo azoketan ere arituko dira sinadurak biltzen. Horrez gain, lehen sektoreko sindikatuei euren babesa eta atxikimendua ere eskatu die.