Segurako ‘buruberoak’
ETB1eko Burubero lehiaketan, ‘Transmisioa’ proban, lehiakideei ezkutuko kontzeptu edo hitz baten inguruko pistak ematen aritzen dira astero Segurako Laureano Telleria eta Luli Telleria. ...
ETB1eko Burubero lehiaketan, ‘Transmisioa’ proban, lehiakideei ezkutuko kontzeptu edo hitz baten inguruko pistak ematen aritzen dira astero Segurako Laureano Telleria eta Luli Telleria. Famatuak egin dira segurarrak.
Astean behin, telebistako pantailan agertzen dira Laureano Telleria eta Luli Telleria segurarrak. ETB1eko Burubero lehiaketan, Transmisioa proban, kontzeptu edo hitz ezkutu baten inguruan aritzen dira solasean.
Kike Amonarriz telebista aurkezleak Luli Telleria ikusi zuen Donostiako Victoria Eugenian Ez dira aspaldiko kontuak antzezlana antzezten. «Nik aitonaren papera egiten dut antzerki horretan», argitu du Luli Telleriak. Segurarrarekin harremanetan jarri ziren Burubero saiokoak saio berria eta beraien proposamena azaltzeko: «Saioaren nondik norakoak azaldu eta 80 urte inguruko beste aitona bat, Segurakoa, beharko zutela esan zidaten. Laureanori esan nion. Besterik ez bazegoen, baiezkoa esan zidan eta hortxe gabiltza harrezkeroztik», gaineratu du Luli Telleriak.
ETBren Donostiako Miramongo egoitzara joaten dira grabazioak egitera. Pare bat orduko grabaketa egiten dute aldiko. «Egun batean zortzi bat gairen inguruan ematen ditugu pistak», zehaztu dute. Platoan eseri eta lasai aritzen omen dira kameraren aurrean hizketan. Baldintza bat badute grabaketa saioetarako: jantzi urdinik ezin dute eraman. «Fondo urdina egoten da eta ezin dugu jantzi urdinik eraman. Behin joanda gaude, eta alkandora beix bana utzi ziguten», gogoratu dute.
Aurretik jakinarazten diete zein hitzen inguruko pistak eman beharko dituzten, ezkutuko bera hitza bera aipatu gabe. Besteak beste, zahatoa, galtzontziloak, Kamasutra, Hillary Clinton, Karlos Argiñano, ogia, kanpaiak, wikipedia edo intxaurrei buruzko pistak eman dizkiete lehiakideei. «Aurretik prestatzen ditugu pistak; hitz bakoitzeko zortzi bat pista. Gu hizketan aritzen gara eta gero beraiek nahastu egiten dituzte ideiak. Pixkanaka joaten gara ezkutuko hitzera argitzen. Txuleta eramaten dugu badaezpada ere, ipurdi azpian gordetzen dugu».
Irudimena
Irudimen handia behar da hitz bati buruzko pistak emateko. Zahato hitzaren kasuan, «mendira asko eramaten da, larruarekin egiten da, eskuz josten da…» pistak eman zituzten. Galtzontziloen kasuan, berriz, «ate txiki bat daukala, zerbait ateratzen dela, estu-estuak gustatzen zaizkigula….».
Hitz askoren kasuan, Interneta ondo etortzen zaie hitz ezkutuari buruzko informazioa lortzeko, Kamasutra hitza jarri ziotenean, adibidez. «Gu ere asko ikasten ari gara», diote.
Lehiakideak nahasten
Lehiakideak bizkorrak badira ere, ezkutuko hitza asmatu gabe gelditu izan dira. «Puntuazio handia du proba honek. Zenbat eta lehenago asmatu, orduan eta puntu gehiago lortzen dituzte lehiakideek». Era horretan, «lehiakideak nahasten saiatzen gara, ahalik eta beranduen asma dezaten».
Lulik eta Laurenok aurretik jakiten dute zein egunetan aterako diren telebistan. Kamasutra hitzaren inguruko bitxikeria gogoratu du Luli Telleriak: «Laureanok mojekin harremana du eta kezkatuta zegoen mojek zer esango zuten Laureano Kamasutraz hizketan entzuten zutenean. Besterik ez bada, argia kenduko ziela pentsatzen aritu zen. Azkenean ez zuten ikusi». Laureanok aitortu duenez, «ez nien hura botatzen zutenik esan, eta nahastu egiten nituen».
Bigarren baldintza bat ere bete behar izaten dute Laureanok eta Lulik: ezkutuko hitzik inori ez esatea.
Segurarrez gain, beste hainbat bikote ere aritzen dira Transmisioa proban. Euskalki desberdinak entzuteko aukera izaten da horrela.