Gazteak gaztagile
Domingo Goiburu eta haren emaztearen lanaren emaitza da Goiburu gaztak. Orain, semeak eta haren bikoteak heldu diote negozioari, artzain eta gaztagile ofizioek jarraipena ...
Domingo Goiburu eta haren emaztearen lanaren emaitza da Goiburu gaztak. Orain, semeak eta haren bikoteak heldu diote negozioari, artzain eta gaztagile ofizioek jarraipena izan dezaten belaunaldi berrien babesean.
Bizitzak, sarri, inoiz irudikatu gabeko bideak urratzera eramaten gaitu. Eta batzuetan, erokeria dirudien hori, erabakirik onena bilakatzen da. Horrelako zerbait gertatu zaie Abel Goiburu eta Naroa Irigoien bikote gazteari. Orain urte batzuk ez zuten berehala sinestuko euren bizimodua gaztaren produkziora lotuko zenik. Baina bizitzak ezustekoak ematen ditu tarteka, eta jarraian kontatuko dugun istorioan gertatu bezala, batzuetan ezusteko politak izaten dira gainera.
Lanbidera kasualitatez iritsi zirela esan daiteke. 2012an Domingo Goiburu aitari laguntzeko asmoz hasi ziren gaztandegian lanean, Goiburuk adierazi duenez. «Pattal samar zebilen ordurako, eta handik gutxira hil zen. Gero, amaren laguntzari esker poliki-poliki eskua hartuz joan ginen». Probatzeko asmoz hasi zirela aitortu du Irigoienek «Juanitak lagundu izan ez baligu —Abel Goibururen ama— ez genukeen aurrera egingo. Berak irakatsi digu gazta egiten, baita baserriko lanak menperatzen ere».
Bizitzaren esparru gehienetan hasierak beti izaten dira zailak, baina ondo egindako lanaren emaitzak gozatzen du, normalean, egindako bidearen gogorra. «Hasiera ondo joan zen, egin genituen lehendabiziko gaztak oso onak atera ziren». Horrek, noski, aurrera egiteko indarra eta animoa eman zien Goibururen hitzetan. Irigoienek garbi dauka: «Gazta egitea berez erraza da. Artegiko lana beste kontu bat da». Izan ere, artaldea ezagutzeak bere lana du eta unean hartutako erabakien emaitzak epe luzera ikusten dira. Denarekin, sorpresa polita izan da, «asko gustatzen baitzait lana».
Egiten duzun horretan gustura aritzeak ez dauka preziorik, baina horrek ez du esan nahi urratu beharreko bidean sakrifiziorik egin behar ez denik. Gaztandegiaren kargu egiteak aurretik bizitako guztiarekin apurtzea ekarri zien. «Lan honetan ez dago astebururik, berdin dio astelehena edo igandea izan», adierazi du Goiburuk. Negua eta udazkena dira lanerako sasoirik lotuenak: «Ardiak Etxeberri Goikoa baserrian izaten ditugu eta egunero joan behar izaten dut ardiak jeztera esnea gaztandegira ekartzeko. Arratsaldeetan kanpora ateratzen ditugu. Egunero eman behar zaie jaten, edaten… eguneroko lana suposatzen du».
Etorkizunari begira
Urria eta azaroa bitartean jaiotzen dira arkumeak. «Lehenengo jaiotzen direnak hazi egiten ditugu, hurrengo urtean zahartuko diren ardiengatik aldatzeko. Gainontzekoak hil egiten dira, ama horiei esnea hartzeko». Maiatza erdialdean artaldea Atxurbi mendira bidaltzen dute hiru bat hilabeterako. «Udaberria eta uda arnasa hartzeko garaia dira guretzat. Eguneroko lana ez da horren lotua». Artaldea astean bitan bisitatzen dute. Gainontzean udazken-negurako baserriko ukuilua eta inguruak atontzeko lanak izaten dira nagusi.
Artaldearen ardura Goibururena den bezala, Irigoienek gobernatzen du gaztandegia. Bi egunez behin egiten du gazta: «Sasoiaren arabera 15 edo 20 bat gazta egiten ditugu aldiko». Idiazabal jatorri izendapeneko gazta egiten dute, baina ez du Artzai Gaztaren etiketa: «Herriko artzain bati erosten diogu ardi esnea, gure produkzioarekin soilik ez baikara iristen».
Hori da aurrera begira duten erronketako bat. Artegia eta artaldea txiki gelditu zaie: «Neguan larri ibiltzen gara», dio Goiburuk. Horregatik orain ukuilu handiago bat egiteko proiektua darabilte buruan, etorkizunean euren burua lanbide honetan ikusten duten seinale.
Gaztak bizi duen oparoaldiari buruz galdetuta, Irigoienek dio «oso gazta ona» egiten dela inguruan. Beraiek betiko erosleak mantentzen dituzte, eta ez da gutxi. Saltzen duten gazta guztiaren «%99 salmenta zuzenean saltzen da». Modu horretan ekoizlea eta eroslea, biak irabazten ateratzen dira Irigoienen iritziz, «bitartekariak daudenean prezioa garestitu edo produktuaren kalitatea jaitsi egiten baita». Erosketa ohiturak aldatu behar direla uste dute, eta «bertako produktuak ekoizleei zuzenean erosi». Etzi Idiazabalen egingo den Artzain Egunean egongo da horretarako aukera. Goiburu gaztak bertan izango dira, «urtean parte hartzen dugun azoka bakarra da», amaitu dute.
Gaztari gorazarre egingo diote hemeritzagarrenez etzi Idiazabalen
XIX. Gazta Eguna egingo dute etzi, Idiazabalen. Egun handia igandekoa bada ere, aste guztian zehar egin dituzte ekintzak giroa berotzeko. Gaur esaterako, XVIII. Mami Txapelketa izango da 18:00etan udaletxeko areto nagusian. Biharko berriz, egun osorako ekintzak daude antolatuta, tartean Ordramuño gaztandegira bisita gidatua eta Nire Artzantza ikus-entzunezkoaren emanaldia 12:00etan. Arratsaldean, berriz, haurrentzako dastaketa, herri kirol saioa eta Pirinioetako Gaztak dastaketa.
Igandean, 10:00etan irekiko da feria eta ordu erdi beranduago emango zaio hasiera txapelketari. Herriko artzainak gazta egiten ikusteko aukera izango da, eta 13:00etan Dominika Agergarai artzainari omenaldia egingo zaio. Omenaldia amaituta, postu dotoreenari eta gazta onenari sariak emango zaizkie.