Felix Kerejeta: «Etxerako gas iturrien ekoizle nagusia gara»
Felix Kerejetak (Zumarraga, 1960) Galbaia agentziaren Galbahe saria jaso du, aurkeztutako patente kopuruagatik eta beraien kalitateagatik. Copreci enpresan lan egiten du. Ze ikasketa egin zenituen? Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean Lanbide
Felix Kerejetak (Zumarraga, 1960) Galbaia agentziaren Galbahe saria jaso du, aurkeztutako patente kopuruagatik eta beraien kalitateagatik. Copreci enpresan lan egiten du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean Lanbide Heziketa ikasi nuen eta ondoren Arrasatera joan nintzen. Egun Mondragon Unibertsitatea den horretara. Ingeniaritza ikasi nuen.
Non lan egin duzu?
Beti Coprecin lan egin dut. 1986an hasi nintzen enpresa horretan. Ordutik, sekzio ezberdinetatik pasa naiz: laborategia, I+G, Ingeniaritza zuzendaritzak, egitasmoen kudeaketa… Egun, Lehiakortasun Gunean nago. Teorian, bertan enpresako jakintsuak gaude. 30 urte hauetan enpresak askatasuna eman dit eta horrek nire sormena azaleratzen lagundu dit.
Zergatik aukeratu zenuen Copreci enpresa?
Ikasketak bukatu nituenean hainbat eskaintza izan nituen. Garai hartan, Arrasaten ikasten genuenak oso estimatuak ginen. Coprecira joatea erabaki nuen, enpresa formatoa asko gustatu zitzaidalako.
Zer egiten duzue Coprecin?
Etxetresna elektrikoentzako osagaiak egiten ditugu. Gas sukaldeetako iturri gehienak guk egindakoak dira. Etxerako gas iturri eta balbulen ekoizle nagusia gara. Amerikako Estatu Batuetan, barbakoen munduan indar handia dugu.
30 urte daramatzazu lantoki horretan. Gustura zauden seinale.
Ia urtero lanpostuz aldatu dut eta horrek asko motibatzen nau. Elektrizitate munduan hasi nintzen eta egun diseinu mekanikoan lan egiten dut. Mekatronikan, zehazkiago esanda: elektrizitatea eta mekanika nahasten dira. 2001era arte elementu elektrikoak egiten nituen etxeko aplikazioetarako. Garbigailuen programatzaileak diseinatzen nituen, adibidez. Ondoren, balbulen diseinura pasa nintzen. Orduan hasi ginen patenteen munduan. Egun, aplikazioak patentatzen ditugu. Aparailuei funtzioak gehitzen dizkiegu.
Nola ikusten duzu herria?
Hendaian bizi naiz eta astean bitan etortzen naiz Zumarragara, gutxi gorabehera. Azkenaldian herria asko ari da azaltzen komunikabideetan. Ez dugu balio erantsia duten produktuak ekoizten asmatu eta pena bat da. Balio erantsia da etorkizuna. Balio erantsirik ez duena, edonork ekoitzi dezake. Eta munduan dagoen eskulan merkearen konpetentziarekin, oso zaila da lehiatzea. Coprecin ekoizten ditugun produktuek, merkeak eta kalitatezkoak izateaz gain, diseinu berezia dute.
Zergatik uste duzu ez dugula balio erantsia duten produktuak ekoizten asmatu?
Nire ustez, Arcelorren gertatzen ari denak Fagorren gertatu zenarekin antzekotasun apur bat du. Ez baduzu besteek eskaini dezaketenaren ezberdina den zer edo zer eskaintzen, etorkizuna zalantzagarria da. Nire ustez, erosotu egin gara. Kooperazioak bilatu behar genituen edo etorkizuna zuten enpresei lursaila oparitu. Komunikabide onak ditugu eta hori baliatu beharra dugu. Beharbada, ospitalea eta Arcelor edukitzeak erosotzea ekarri du. Eta, zoritxarrez, UGLE eskolatik irteten diren gazte askok hemendik kanpo lan egiten duten susmoa dut.