Azken urte gehienetan probak izan duen ibilbidea berreskuratuko dute, Abaltzisketa bost aldiz igoz eta Altzo bitan
Txirrindulariak, iaz, Gaintzara iristen. Arg./M. Albisu
Ordiziako Klasikaren 93. edizioan ez dute aurten Gaintzako aldapa maldatsua igoko. Hala jakinarazi du klasikaren antolakuntzak ohar bidez. Azken bi edizioetan Zaldibiatik Gaintzara doan malda gogorra igo behar izan dute txirrindulariek azken kilometroetan, baina aurten ohiko ibilbidean egitea erabaki dute antolatzaileek. Abaltzisketako gaina bost aldiz igoko dute txirrindulariek, eta Altzo bitan. 150 kilometro izango ditu klasikak. Ohi bezala, uztailaren 25ean jokatuko da egun bakarreko Euskal Herriko probarik beteranoena.
Gaur gaurkoz zazpi taldek baieztatu dute Ordizian izango dira. Orica Grenedge talde australiarra (World Team); Androni Goicattoli-Sidermec italiarra, Delko Marselle Provence KTM frantziarra eta Funvic Soul Cycles-Carrefour brasildarra (Kontinental profesional mailakoak hirurak); eta GM Europa Ovini italiarra, Lokosphinx errusiarra eta Inteja-MMR Dominican Cycling Team errepublika dominikarrekoa (Kontinental UCI mailakoak).
Zazpi horiei beste lau gehitu behar zaizkie: Movistar, Caja Rural, Euskadi-Basque Country Murias eta Burgos. Antolatzaileen helburua Ordizian 15 talde elkartzea da.
Iaz Angel Madrazok (Caja Rural) irabazi zuen proba, Ion Izagirreren (Movistar) eta Amets Txurrukaren aurretik.